Euskadiko Hondartzako Eskubaloi Txapelketa jokatu da asteburuan Antilla hondartzan, eta giro polita sortu du horrek eguzkia eta bero handia protagonista izan diren bi egunetan. Txapelketa ofizialean 24 taldek hartu dute parte, eta beste hainbat ibili dira lagunarteko partidetan. Hondartzako paseoan jan-edanerako txosna jarrita izan du Orio Eraginek –txapelketaren antolatzailea–, eta baita klubeko arropa saltzeko postua ere.
Kirol emaitzei dagokienez, Bizkaia aldera joan dira garaipenak, gizonezkoetan Bilboko Blue Flow A taldera, eta emakumezkoetan, Erromoko Hondartza Team taldera. Jubenil eta kadete nesketan, hori bai, etxekoak izan dira irabazleak –albistearen amaieran sailkapenak–.
Emaitzak alde batera utzita, berriz, Orio Eragineko Maria Azkuek egin du balorazio orokorra txapelketa amaitu berritan. "Balorazioa oso positiboa da. Asteburu gogorra izan da, baina, zalantzarik gabe, merezi izan du. Eskubaloi modalitate berri hau gero eta indar gehiago hartzen ari da, eta guretzat ikaragarria da halako zerbait Orion antolatzeko aukera eduki izana".
Klubaren izaera eta boluntarioen lana
Giroa eta talde batzuek erakutsitako maila nabarmendu ditu Azkuek, baita Orio Eraginen izaera defendatu ere: "Orion gauza asko egon da asteburuan, baina hondartza aldean behintzat sortu den giroa polita izan da. Ikuskizuna egon da, gainera: talde batzuk lan eta lan dabiltza, eta gozatu egin dugu beraiei begira. Gure klubeko neska batzuek ere parte hartu dute txapelketa ofizialean, baina horrez gain, txapelketak uzten zituen tarteetan lagunarteko partidak antolatu dizkiegu eskubaloi eskolakoei eta Orio Eragineko infantilei, eta hor ere giro oso polita sortu da adin desberdinetako nesken artean. Gure klubaren izaera hori denez, uste dugu asteburu honetan lortu dugula beste behin klubaren izaera hori mantentzea".
70 boluntario inguru aritu dira hainbat lan burutzen larunbatean goizetik gauera, eta igandean bazkalordura arte. Haien lana ere azpimarratu nahi izan du Azkuek: "Hau dena antolatu ahal izateko berebizikoa izan da inguruan dugun jendearen laguntza; ikaragarria da boluntarioek egiten duten lana, izan txosnan, izan arropa saltzen, argazkiak ateratzen, mangerarekin joko eremuak bustitzen –momentu batzuetan bestela ezinezkoa zelako hor jokatzea– eta azpimarratu nahi dugu beren lana, bultzada ematen digutelako eta babes handia direlako guretzat. Ezkutuan lanean aritzen diren guztiak eskertu nahi ditugu horregatik", esan du.
Bestalde, nabarmendu behar da atzo, txapelketaren amaieran, Orio Eragin klubeko Libe Arruabarrena omendu zuela Orioko Udalak, uztailean bertan 16 urtez azpikoen Europako Txapelketa irabazi duelako Espainiako Selekzioarekin.
Sailkapenak
Partaideak hainbat herritatik bertaratu dira txapelketara, asko Bizkaitik: Bermeo, Muskiz, Bilbo, Getxo, Basauri... Inguruko herrietatik ere bai, esaterako, Zarauztik eta Zumaiatik.
Senior mutilak
- Blue Flow A (Bilbo)
- Erromoko Hondartza Team (Getxo)
Senior neskak
- Erromoko Hondartza Team (Getxo)
- Zarautz SN
Jubenil mutilak
- Muskiz
- Pulpo (Zumaia)
Jubenil neskak
- Orio
Kadete mutilak
- Zarautz KM A
- Arangoiti
Kadete neskak
- Orio
- Zarautz KM B