Marea biziak daude, eta gaur Zierbenan jokoan egon den 39. Petronor Banderako estropadan argi gelditu da. Eusko Label ligako hamabi ontzien artean minututik gorako aldea egon da amaierako sailkapenean, ohorezko txandan Donostiarrak lan bikaina egin duelako eta dena ondo atera zaiolako. Olatu onak hartu ditu, izan ere, eta horri esker bigarrenari, Hondarribiari, hemezortzi segundo atera dizkio. Hogeita bat, berriz, hirugarren izan den Orio Orialkiri.
Oriotarrak sailkapen nagusian laugarren dira 60 punturekin, hirugarrenarengandik puntu bakarrera. Urdaibai dago hirugarren, eta hain justu, gaur Orioko mutilek estropadako azken minutuetan bizkaitarrekin izan dute lehia estua. Zenbait unetan segundo batzuk atzetik ibili dira, beste momentu askotan aurretik, eta azkenean lortu dute hirugarren tokia mantentzea.
Patroi onenaren elastikoa, gainera, Ander Etxegoienek jantzi du beste behin. 61 puntu ditu sailkapen orokorrean; Unax Eizagirre Getariako patroia da bigarren, 52 punturekin –gaur horrek lortu du puntu gehien–.
Gaurko sailkapena
1. Donostiarra 19:36
2. Hondarribia (+18:70)
3. Orio Orialki (+21,94)
4. Urdaibai (+30,47)
5. Getaria (+34)
...
Sailkapen orokorra
1. Donostiarra 66 puntu
2. Hondarribia 64 puntu
3. Urdaibai 61 puntu
4. Orio 60 puntu
5. Getaria 41 puntu