"Zu bezalako jendea falta zaigu eredutzat: jende umila eta bere nortasunari eta barruko harrari segika isil-isilean lan egiten duena"

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 16a, 10:48

Anuska Esnal alkatea, atzo, Jexux Mari Peronari azaltzen zergatik merezi zuen omenaldia (Onintza Lete Arrieta).

Jexux Mari Perona omendu du aurten herriak Bisiguaren Festaren hasiera ekitaldian, eta egurrezko oroigarria eta festako zapia eman aurretik –eta haren bikote Begoñari lore sorta–, Anuska Esnal alkateak hitzartze dotorea egin zuen Peronari aitortza egitearen arrazoiez. Ondoren, omenduak maila bereko diskurtsoarekin erantzun zuen, aurrez prestatutako idatzia irakurriz herritarren aurrean.

Esnalek esan zuen bi arrazoi zeudela Perona omentzeko. "Batetik, goraipatu itsas ondarearen inguruan egin duzun lana, arbasoz arbaso eta mendez mende jaso duguna baina, tamalez, askotan gehiegi zaintzen jakin ez duguna. Oriotarrok gaur egun Orio aberatsagoa edo Orio benetakoa nola zen jakiteko lan asko egin duzu. Bestetik, balioa eman nahiko nioke korrontearen kontra aritu izan zarela zuk sentitzen zenuen hori eginez. Izan ere, bizi garen gizarte honetan arrakasta lortu nahian egiten ditugu gauza asko, artaldean, modari jarraituz, eta zuk, urte askotan, itsasoaren norantzaren kontra, isilik, askotan ateak itxita aurkituta, lan pila bat egin duzu".

"Uste dut herritarrontzat ispilu ezin hobea zarela: batetik, transmisioan herri honi egin diozun ekarpenagatik eta gaur egun dugun informazio andana zuri esker delako, eta bestalde, horrelako jendea falta zaigulako eredutzat; jende umila, bere nortasunari eta barruko arrari segika isil-isilean lana egiten duena, eta horregatik, gure miresmena eta esker ona Orioko herriak", esan zuen Esnalek amaitzeko.

Peronaren emazte Begoñarekin ere gogoratu zen alkatea: "Lan hori guztia ezingo zukeen egin bidelagun apartarik gabe: zenbat aldiz geldituko ote zinen umeak zaintzen bakarrik, zenbat aldiz zu hizketan eta berak burua beste nonbait zuela... Horregatik, lehendabiziko gure oroigarria zuretzat, Begoña, eta eskerrik asko".

"Gure amonak esaten zuen: denen aurretik maite ezazue Orio, gero Gipuzkoa eta ondoren euskaldunon herria, eta maitatuak izango zarete"

Peronak, berriz, eskerrak eman zizkien alkateari eta udal alderdi guztiei, "ados jartzeagatik" eta bera omentzea pentsatzeagatik. Turismo eta Kultura sailekoak ere eskertu zituen, baita han elkartutako herritarrak eta ekitaldian parte hartu zuten Harribil eta Salatxo taldeak ere. "Ez dakit merezi nuen halako aitortzarik", esan zuen. Mendi eskulturgileari ere eskerrak eman zizkion, "nigan pentsatuta landu duen oroigarri bikainagatik".

Hainbat minutuz aritu zen idatzia irakurtzen Perona, eta aurrena, omenduko zutela esan zioteneko unea gogoratu zuen: "Albistea jaso nuenean bete-betean murgilduta nengoen oraintxe bertan Kultur Etxean daukadan erakusketa prestatzen, eta zirrara handia sentitu nuen, eta 'hau duk ohorea!', pentsatu nuen neure baitan". Begoña emaztearentzat, berriz, aitortza: "Beraren laguntza eta lankidetzarik gabe ezingo nituzkeen lan hauek egin. Gainera, berak ere badu partea nire lanetan, oihalak berak josi izan baitizkie belaontziei; Kultur Etxean dauden lanetan ikus daiteke".

Lehenago hainbat aitortza jasotakoa dela azaldu zuen Peronak, baina hau berezia izan dela nabarmendu zuen: "Gaurko aitortzak, herrian eta herriaren aurrean egin didazuenak, indar berezia sorrarazten dit, eta gogora ekarrarazten dit gure amonak behin eta berriz esaten ziguna: 'Denen aurretik maite ezazue zuek jaiotako Orioko herria, segidan Gipuzkoa, eta ondoren euskaldunon herria, eta maitatuak izango zarete'. Bada, horixe ba. Aupa zuek, aupa Orio eta oriozale guztiok".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide