Orio Arraunketa Elkarteak postua jarriko du bihar goizean, 09:00etatik 13:30etara, Ikastolako pergolan, eta bazkideen artean kamisetak banatuko dituzte. Horrez gain, elkarteko materiala erosteko aukera ere izango da bertan: arropa, banderak, poltsak, katiluak...
Bestalde, 200 estropu baietz kanpainako estropuak ere izango dituzte salgai, eta estropua erosten dutenen artean hainbat sari zozkatuko dituzte: Galizian estropadak ikusteko lau lagunentzat ostatua, 20 Mahala saski, lau entrenamendu zuzenean fuerabordatik ikusteko aukera eta arraunlarien posterrak, besteak beste. Zozketa eguerdiko 13:00etan izango da jendaurrean. Orio Arraun Elkarteak zaleak estropua erostera animatu nahi ditu, "zuk erositako estropu bakoitzak arraun bat astintzen baitu itsasoan!", azaldu dute.