Herriguneko zirkulazioa moztuko dute datozen egunetan

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 15a, 14:12

Udalak hainbat trafiko-mozketa iragarri ditu herrigunerako, uztailaren 15etik 20ra arte.

Uztailaren 15etik 17ra herrian ospatuko dira XIII. Bisiguaren Festa, Orio Kanpina banderak eta Karmengo Eguna. Hori dela eta, herriguneko trafikoa moztea erabaki du Udalak,uztailaren 15eko 20:00etatik uztailaren 17ko 21:00ak arte. Ondorioz, herriko irteera Txanka-hondartzatik egin beharko da. Ibai Ondoko garajeetako erabiltzaileek, berriz, Dikeko sarrera erabili beharko dute.

Zerbitzuetako ibilgailuen kasuan, hala nola, zabor bilketaz arduratzen diren kamioiak edota ostalaritzako hornitzaileak, Udaltzaingoarekin koordinatuta aritu beharko dira egunotan. Asteburu honetan herrian "jendetza" espero denez, "garraio publikoa erabiltzeko gomendioa" egin die Udalak kanpotik datozenei.

Astelehenetik asteazkenera

Ibai Ondo kaleko zebra-bideen irisgarritasuna hobetzeko lanek uztailaren 18tik 20ra jarraituko dute. Zebra-bideak igo ahal izateko espaloiak prestatzen ibili dira azken egunotan, eta datorren astelehenetik asteazkenera errepidea asfaltatuko dute. Halaber, uztailaren 20an, 21ean eta 22an 9:00etatik 18:00etara itxiko dute Ibai Ondo kalea, zubitik aurrera. Herriko irteera, bestalde, Txanka-hondartzatik egin beharko da. Herriko sarrera "bermatuta" egongo dela ziurtatu du Udalak. Ordutegi horretan, ibilgailuak ezingo dira Ibai Ondo kalean aparkatu.

Oharra

Herrigunea asteburuan ere itxiko dutenez, igandetik astelehenerako gauean ere Ibai Ondo kalea moztuko dute. Bertan aparkatuta dauden ibilgailuak astelehenerako kendu beharko direla iragarri du Udalak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide