Euskadiko Hondartza Eskubaloi Txapelketa jokatuko da asteburuan

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 14a, 14:18

Uztailak 16 eta 17 artean 24 talde lehiatuko dira Antilla Hondartzan. Orio Eragin eskubaloi klubak parte hartuko du, eta txosna ere jarriko du bertan. Aitor Urbitarte Euskadiko Eskubaloiko kirol arduradunak, Anuska Esnal alkateak eta Idoia Larrañaga eskubaloi taldeko presidenteak aurkeztu zuten ekimena.

Senior, jubenil eta kadete kategorietan jokatuko da txapelketa, bigarren urtez. "Lehengo urteko arrakasta ikusita, berriro ere apustu hori egitea erabaki dugu", aitortu du Urbitartek. Aurtengo edizioan ez da hondartzako eremuaren edukiera kontrolatu beharrik, eta eguraldiaren iragarpen aproposak daude emanda. Beraz, "hondartza betetzea" aurreikusten dute antolatzaileek; "betiere, jarduera guztien arteko elkarbizitza bermatuta", zehaztu zuten

"Eskubaloia modalitate guztietan sustatzea" du txapelketak helburu, baina baita "kluben arteko lankidetza indartzea", "udako oporraldia eta kirol jarduera uztartzea" eta "udalerrian eragin positiboa izango duten kirol ekimenak diseinatzea" ere. Esnalek, zehazki, eskubaloiak herrian izandako garapena azpimarratu zuten: "Puntako kirolariak ditugu, Libe Arruabarrena eta Jon Azkue, esate baterako". Kirolariok "Orion kirola zabaltzeko eta egonkortzeko egiten ari den lanaren ispilu edo emaitza" direlakoan dago Esnal. Bidenabar, harro azaldu zen "punta-puntan dauden kirolariak herrian hartzeko aukeragatik".

Egitaraua

Larrañagak txapelketaren zehaztapen teknikoak eskaini zituen. Joko-eremuak hondartzaren goiko aldean kokatuko dira, boleibol zelaia egon ohi den inguruan. Larunbatean, partidek egun osoa iraungo dute: 10:00etatik 19:30etara, bazkaltzeko etenaldiarekin. Igandean, berriz, goizez jokatuko dira: 09:00etatik 14:00etara. Gipuzkoako zein Bizkaiko gizon-emakumeen 24 talde federatu arituko dira bertan, hiru kategoriatan."Antolaketa-lan mardula da, baina atzetik familien eta boluntarioen aldetik dugun babesa ederra da, eta merezi du esfortzuak".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide