Traineru estropadez gozatzeko aukera izango da asteburuan Orion

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko uzt. 14a, 13:52

Larunbat arratsaldean Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak jokatuko dira itsasoan, eta, igandeean, KAE 1 Ligako erlojuaren aurkako estropada izango da errioan.

Traineru estropadek hartuko dute asteburuan Orio. Larunbat arratsaldean Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak jokatuko dituzte 17:40ean hasita Orio Arraunketa Elkarteko talde nagusiek, eta igandean, gizonen B taldeak KAE1 Ligako jardunaldia jokatuko du, 19:00etatik aurrera. Arraun elkarteko eta Orioko Udaleko ordezkariek gaur eguerdian egin dute aurkezpen ekitaldia Orioko Kanpinean.

Anuska Esnal alkateak azaldu duenez, espero dute asteburuan herrian giro bikaina izatea, "Bisiguaren Festak eta traineru estropadek" bat egingo baitute asteburu berean. "Larunbatean eta igandean plaza jendez gainezka izatea espero dugu, horregatik, lehen aldiz, zaleen gunea pasako dugu arranpla ondoko zabalgunera". Bertan estropadak ikusi ahal izateko pantaila handia jarriko du Traineru Kluben Elkarteak, eta Euskal parrilaren pintxoak eta edariak ere eskainiko dituzte. "Larunbatean itsasoan izango dira estropadak eta ziur gaude arraun taldeek ikuskizun bikaina eskainiko dutela. Igandean, berriz, KAE1 Ligako taldeek erlojuaren aurkako estropada errioan jokatuko dute, eta arraunzaleek taldeak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute", adierazi du Esnalek.

Aurkezpenean Josu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidentea pozik agertu da traineru denboraldiaren hasierarekin, eta aitortu du larunbateko estropadak oso garrantzitsuak direla elkartearentzat. "Indartsu hasi dugu denboraldia eta ligan hiru bandera irabaztea lortu dugu. Gure nahia beti izan da lehiakorrak izatea, lehenengo postuagatik borrokan aritzea alegia, eta horretan saiatzen ari gara. Batzuetan irabaziko dugu eta beste batzuetan ez, baina lehia horretan egotea da garrantzitsuena. Larunbatera begira, zaleek herrian bertan traineru estropadez gozatzea nahi dugu; arraunketarekin asmatu eta estropada txukuna egitea da helburua, eta banderaren bat etxean geratuko balitz hobeto, asteburua borobiltzeko modu zoragarria izango litzatekeelako", azaldu du agerraldian.

Larunbat goizean bazkideei kamisetak banatuko dizkie arraun elkarteak, 09:00etatik 13:00etara, ikastola aurreko plazan. Hori bukatutakoan zaleentzako eremua jarriko du Traineru Kluben Elkarteak bertan. 

KAE1 Ligako jardunaldia igandean
Igandean KAE1 Ligako estropada jokatuko da errioan. Sei taldeko bi txanda egingo dituzte, erlojuaren aurka. Plaza aurrean hasi eta bukatuko da estropada eremua eta lau luzetara izango da lehia. Estropadak ibaian direla aprobetxatuz, Orio Arraunketa Elkarteak nahi du etxeko arraunlariek zaleen babesa sentitzea. «KAE 1 Liga kategoria garrantzitsua da, eta B ontzian dabiltzan mutilak ikasten ari dira. Entrenatzaileak gustura daude taldea egiten ari den lanarekin, eta uste dugu horrela jarraituz gero, emaitzak iritsiko direla. Horregatik, nahi dugu zaleak igandean errioaren inguruan biltzea etxeko taldea animatzeko, arraunlari gazteak arraunlari sentitu daitezen».

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide