Marisa Egibar

"Tabernak jende asko ezagutzeko aukera eman dit"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko uzt. 15a, 09:21

Marisa Egibar. (Aiora Larrañaga)

Bizitza osoan zehar ostalaritzan lan egin ondoren, uda amaitzen denean erretiroa hartuko du Marisa Egibarrek (Orio, 1959), Salatxo tabernako sukaldariak.

Erretiroa hartzeko gogoz al zaude?
Uztailaren hasieran, Santa Isabel Egunean, 63 urte bete nituen eta erretiratzea erabaki dut. Nekatu samarra nago, bizitza guztian zehar ostalaritzan lan egin ondoren. Hasieran, Paxitanen [Joxemari erretegian] 18 urtez lan egin nuen zerbitzari, eta Salatxo taberna ireki genuenean hasi nintzen sukaldari lanetan, duela 28 urte. Oraindik ere Paxitak erakutsi bezala prestatzen ditut nik hainbat plater, zerbitzatzen ibiltzen banintzen ere, asko erakutsi zidalako hark sukaldean. Aitortu behar dut azken 28 urtetan sukaldean egin baditut ere, nik neuk nahiago dudala zerbitzari lana, eta tarteka gustatzen zait laguntzera ateratzea.

Asko aldatu al da tabernako martxa 28 urtetan?
Bai, inportantea da garai berrietara egokitzea. Hasiera batean, taberna ireki genuenean, pintxo bero bereziak eskaintzen genituen gehienbat, eta Donostiako taberna batean jardun nintzen horiek nola prestatzen ziren ikasten. Urteak pasa ahala, ordea, jendearen ohiturak aldatzen joan dira eta plater konbinatuak eta bokadiloak eskaintzen hasi ginen. Ireki genuenetik asko aldatu da, eta gure tabernako martxa ere bezeroen nahien arabera moldatzen joan da.

Ba al dakizu nork hartuko duen zure lekukoa sukaldean erretiratzen zarenean?
Horretarako pertsona egokiaren bila gabiltza, nahi dugulako pixkanaka hemengo martxa ikasten joatea. Ez dugu denboraldi bat egin eta utziko duen norbait nahi, Salatxoko parte izatea nahi dugu. Izan ere, nik uste dut taberna bakoitzak baduela bere izaera propioa. Guk, esaterako, piper beteak, txipiroiak, bakailaoa, tortillak eta beste hainbat plater gure erara egiten ditugu, eta nahi genuke horrela jarraitzea, gure identitatearen parte baita; jendea ohartzen da horretaz. Gure eskalopeak, esaterako, fama handia du herrian. Galdetzen digutenean beti esaten dugu Konpaxaneko haragia ibiltzen dugula, eta guraso asko joan izan dira Iñaki eta Antxon harakinengana eskatzera Salatxora eramaten dituzten xerrak. Nahi nuke nik Paxitarekin ikasi nuen bezala, beste norbaitek nirekin ikastea, Salatxoko martxak jarrai dezan.

Bizitza osoa ostalaritzan jardun zara. Zer eskaini dizu?
Aitortu behar da sektore gogorra dela. Egutegiaren aurka bizi gara ostalaritzan lan egiten dugunok; jende guztiak jai egiten duenean, guk inoiz baino lan gehiago izaten dugu; eta gainontzekoak oporretan daudenean edo haurrek jai dutenean, gu lanean egoten gara, baina era berean badu xarma berezia ere. Nik bizitza osoa daramat lanbide honetan, eta uste dut jendearekin sortzen den harremanak asko aberasten duela. Tabernak jende asko ezagutzeko aukera eman dit, baita gazteak ere, eta horrek bizi-poza ematen du.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide