Aire libreko zinema emanaldiak antolatu dira aurten ere. Haur eta gaztetxoentzako animaziozko bi filma eta helduentzako dokumental bat izango dira programan. Lehen bi filmak, Elfkinak eta Stardog & Turbocat, euskarazko bertsioan eskainiko dira uztailaren 22an eta abuztuaren 26an, hurrenez hurren. Surfaren hastapenak kontatuko dituen La primera ola, berriz, gaztelaniaz eskainiko dute abuztuaren 12an. Sarrera guztiak doakoak izango dira.
Elfkinak 2020ko animaziozko film alemaniarra da, eta lurrazpian 200 urtez bizi izan diren Elfkin izeneko izakiak ditu protagonista. Haietako hiru, Helvi, Kipp eta Butz, lurrazalera igo dira, eta Theo gozogilea ezagutuko dute bertan. Haren bidez, Elfkinen benetako zeregina ezagutuko dute: besteei laguntzea. Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztu zen filma, eta zinemetan estreinatu zen.