Urtebetetze oparia
Bidania-Goiatzekoa da OAEko emakumezkoen traineruko Nagore Urdapilleta, eta handik joan-etorriak egiten ditu astean sei bider Oriora. Zortez, lan ere bertan egiten du. "Bestela ezingo nukeen ziurrenik", aitortu du. "Bizi Bidanian bizi naiz, baina bizitza Orion egiten dut". Joan den asteburua berezia izan da beretzat, Orioko elastikoarekin jokatutako lehenbiziko ligako lehenbiziko estropadak izan baitira. Igandean, 22 urte bete eta hurrengo egunean, iritsi zen oparia: banderarekin etxeratu zen Donostiatik. "Uste dut oso jende gutxik esan dezakeela halakorik", esan du pozarren.
"Oso eskertuta nago, amets bat bete dut", gaineratu du. Popaldean –patroiaren aurreko eserlekuetan– jokatu zuen estropada. Irabazi zutela ohartutakoan, nekeak ahaztu eta besoak altxatuta ibili zela gogoratzen du. "Ez dakit nola, hamar segundo aguantatu nituen, eta ondoren, nekeak gain hartu zidan, zizko nengoen. Aldi berean, satisfazio puntua neukan; gauzak ondo egin genituen eta horrela segitzeko gogoa sentitu nituen, paladaz palada, aurrera egitekoa edozein estropadetan, igandean bezala, gure onena eman eta ea gauzak ondo ateratzen diren".
Egunean bertan etorri zen oriotarren esker ona ere. "Errezibimenduan zer sentitzen den ezin da azaldu hitzez. Nik beti behetik gora begiratuta bizi izan nuen, inoiz ez han goitik plazara begira; beste errespetu bat ematen du horrek. Igandean mutilek eta guk irabazita, euria egin arren plaza beteta zegoen, eta inpresioa egiten du, baina aldi berean, barrena modu berezian mugitzen dizu".
13 urterekin hasi zuen arraun ibilbidea Tolosan. Han trainerua atera eta ETE ligan hasi zirenean traineru nagusian ibili zen bi urtez, eta azken urtean Patxi Frances entrenatzailearekin ibili zen, 2019ko denboraldian. "Gero, ikasketak tarteko, arrauna utzi behar izan nuen. Eta iaz, irakurri nuenean Patxi Oriora zetorrela, txantxetan esan nuen agian arraunera bueltatuko nintzela Oriora. Eta, hasieran txantxetan zena, azkenean gertatu egin da", esan du irribarretsu.
Entrenatzaile ona deritzo Francesi. "Oso-oso gustura nago entrenatzailearekin, bai taldea gidatzeko duen eragatik, bai entrenatzeko moduagatik". Aurten aldaketa asko egon dira traineruan, baina hala ere talde indartsua osatu dutela uste du eta emaitzak hala erakusten ari direla.
Arraunetxe kanpoan, errioari begira, tokiaren eta herriaren berezitasunaz mintzatu da, baita ametsez ere. "Egia esan, egunero-egunero honetaz gozatzea nahi nuke. Noski, Kontxa irabaztea bada amets bat, eta liga irabaztea eta talde honetan jarraitzea, baina orain nire ametsa hori da; izan ere, guk aukeratutakoa izan arren, egunerokotasunean karga handia da eta gogorra da. Horregatik, oso inportantea iruditzen zait egunerokoa gozatzea".
Itzuli eta garaitu
Xabier Manrique donostiarra arrauna utzita zegoen aurtengo denboraldira arte. "Beti Orion ibili naiz, kanteranoa naiz", hasi da kontatzen. 2012an hasi zen arraunean, sanikolasetan, 19 urterekin. "Amonaren aldetik oriotarrak ziren, eta 19 urterekin, osabaren lagun batek animatu zuen arraunean hastera. "Igor Makazaga entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta hala hasi nintzen. Pixkanaka lekua egiten joan nintzen, eta azken urtean Salsamendi hasi zen entrenatzaile. 2016 arte Orio Bn ibili nintzen, eta 2017an Btik A trainerura salto egin nuen". Zazpi estropada jokatu zituen, eta ligan lau bandera irabazi zituzten, Gipuzkoakoa eta Kontxa barne, baina garaipen horietan ez zen traineru barruan egon.
Horregatik izan zen berezia berarentzat larunbatean Bilbon jokatu zen ligako aurreneko estropada irabaztea. "Donostiarraren atzetik joan ondoren, azken luzean bi-lau sedungo aurretik jarri ginen, eta ikusten genuen irabaz genezakeela, baina bukatu arte eta denborak ikusi arte ezin jakin... Garaipena lortu genuela jakindakoan kristoren ilusioa egin zidan, aurreneko bandera baita. Urte dezente neramatzan arraun egin gabe, 2017an utzi bainuen arrauna eta lau denboraldiz ez baitut egin arraun. Aurten, urtarrila erdialdean hasi naiz, eta beraz, sei hilabete entrenatu eta aurreneko estropadan bandera irabaztea... Pena merezi du egunero egindako lanak eta esfortzuak".
Izan ere, oso desberdina da estropada jokatuta irabazi bandera ala lehorrean geldituta. "Traineru barruan zoazenean zure bandera dela sentitzen duzu. Kanpoan zaudenean, talde lana dela badakizu, baina ez da berdina. Badakizu zure lanak horretara eraman duela taldea, baina ilusio gehiago egiten dizu barruan zaudenean".
Errezibimenduak, aldiz, ez zion ilusio berezirik egin, ez behintzat beste batzuetan baino gehiago: "2017an dezentetan igo nintzen balkoira. Kontxa irabazi genuenean, 10 urte irabazi gabe egon ondoren, sekulako festa izan zen".
Manriquek argi du zer amets duen: "Amets handiena da Kontxa irabaztea, baina barruan egonda, jokatuta. Arraunlari guztien artean hori izango da amets handiena. Aurten ikusteko dago zer gertatzen den, talde dezente gaudelako segundo gutxiko kontuan, eta talde denek gogor egiten dutelako lan". OAEko arraunlariak azpimarratu du talde batzuek "diru dezente inbertitu" dutela, eta talde horien kontra jokatzea askotan zailagoa dela. "Oriok harrobiko zortzi arraunlarirekin egin zuen arraun aurreko asteburuan, eta Donostiak harrobiko bi bakarrik zituen, eta Urdaibaik eta Zierbenak, berdin. Hondarribi eta Orio bakarrik gaude harrobiko jende asko duguna", nabarmendu du.