Euskaraldia gertu den honetan, egitasmoa herrian zabaltzeko egitarau bat prestatu dute. #hitzezekiteko ekitaldia egingo dute datorren ostiralean, ekainak 24, 19:00etan herriko plazan. Leire Arrojeriak aurkezpen bat egingo du, eta musika emanaldia izango da segidan, Intza Unanueren eskutik. Horrez gain, oriotarren aurreko edizioetako lorpenak gogora ekarriko dituzte.
Euskaraldiak “hizkuntza-ohiturak aldatzea” du helburu, “lorpen txiki askoren gehiketarekin”. Zentzu horretan, herritarrek Euskaraldiari esker lortu dituzten aldaketa txiki horiek ezagutzeko nahia azaldu dute: “Lorpen horiek baitira Euskaraldiaren mamia, bizilagunarekin elkarrizketa elebidunak izatea, Donostiara joaten zarenean lehen hitza beti euskaraz egitea, belarriprest izatetik ahobizi izatera pasatzea, laneko bilerak euskaraz egitea”.
Euskaraldia gazte batzordea martxan
Herriko gazteekin lan egiteko asmoa ere adierazi dute, “Euskaraldian barrenetik parte hartu dezaten”. Horretarako, gazte batzorde bat sortu nahi dute, eta mural bat egingo dute taldea martxan jartzeko. Muralaren antolaketa eta bestelako ideiak elkarbanatzeko, bilera irekia egingo dute ekainaren 23an, 17:00etan Uko parkean. 16 urtetik gorako gazteei zuzendua dagoela zehaztu dute.