PAPEREKOA

"Nire asmoa da urte hauetan egindako lanak erakustea"

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 19a, 12:38

Mari Jose Iparragirre. (Aiora LarraƱaga Solabarrieta)

Gatzik eta piperrik ez zaio falta Mari Jose Iparragirreri, ez behintzat bere-berea duen arte munduaz hitz egiterakoan. Margotzea eta eskulanak egitea ditu afizio, eta urte askoan ibili izan da bai eskolak jasotzen, bai ematen herriko haurrei. Alde Zaharreko Iturbide kalean duen lokalean aritu da datozen aste eta hilabeteetarako dituen asmoez hizketan. 

Erakusketa zabalduko duzu aurki.
Hala da. Aspaldidanik nabil ideiari bueltaka, eta azkenean zirt-zart, erabaki dut jartzea. Aste honetan ireki dut eta hil amaierara egongo da zabalik, Aritzaga kalean, ingeles akademia egon den tokian, jabeek utzi egin didate-eta lokala. Nire asmoa da urte hauetan egindako lanak erakustea. Gela batean, esaterako, Hondarribiko Inauterietako desfilerako egindako Aladino pertsonaia eta haren ingurukoak jarri ditut. Gabonetako erakusleiho lehiaketetarako ere askotan egin izan ditut panpinak eta osagarriak gai zehatzen inguruan, eta horiek ere jarri ditut. 

Zuretzat harribitxiak diren bi lan ere jarri dituzu.
Bai. Bat da eskulan tailerrean egindako lehendabiziko panpina, eta bestea, Xixario pareko eraikinaren erreplika, garai batean arrantzale sareak gordetzen zituzten eraikinarena. Tira, zatika egin dut eta iritzira, benetako tamainak kontuan hartu gabe. Dena kartoiarekin egin dut. Asko gustatzen zaidan eraikina da, eta jakin nuenean bota egin behar zutela, a zer tripako mina! Ez zait batere ondo iruditzen. Mutiozabal berreskuratu duten bezala egin behar lukete eraikin horrekin ere, eta erabili zerbaitetarako.

Erakusketa amaitu ondorenerako ere topatu diozu bizitokia obra horri...
Bai. Gustatuko litzaidake Turismo Bulegoan ikusgai gelditzea. Plazara ekarri dute bulegoa, eta lokala oso soila dago, eta uste dut ederki geldituko litzatekeela hortxe. Orain arte ez nion inori kontatu, eta nahi badute behintzat, hantxe jartzeko geldituko da. 

Nondik datorkizu eskulanetarako afizioa?
Gogoan dut gaztetan lagunak tabernara joaten zirela eta ni, berriz, etxeko ganbarara. Orduan ez zegoen gaur adina material, eta aurkitzen nituen gauzekin moldatzen nintzen. Gero margotzen hasi nintzen, hasieran neure kabuz, eta gero irakasleekin. Trasteak hartu eta presaka ibiltzen nintzen trenean aurrera eta atzera, aurrena Donostiara, gero Iñigo Ormazabal zarauztarrarengana, eta ondoren Hondarribiko Javier Sagarzazurengana. Ordu haiek zerua ziren niretzat, hura gozamena! Aurrena sartu eta azkena ateratzen nintzen beti. 

Erakusketak jarritakoa zara, eta baita sariren bat jasotakoa ere.
Gabonetan erakusleiho lehiaketan parte hartu izan nuen urte batzuetan, bai, baina inoiz saririk lortu ez. Kuriosoa da, hemen jarritako batek Donostian hirugarren saria lortu zuelako; gamelu handi bat egin nuen, eta tripa barruan Jaiotza ipini nuen. Oso polita gelditu zen. 

Hondarribiarekin lotura handia daukazu.
Hala da, bai. Sagarzazurekin margotzen ibili nintzenean, herri ederra zela iritzita, bertan erosi genuen bigarren etxebizitza. Arte galeria oso ona ere badago, eta sarri-sarri joan naiz beti hara; erakusketa aldatzen duten bakoitzean. Gainera, Kale Nagusian denda-tailer zoragarria dago. Sartu nintzen aurreneko aldian konturatu nintzen hura zela nik nahi nuena.

Eskulanak, alegia.
Bai, eskulanak. Andre-gizon batzuen denda da; gizona Basterretxea eskulturgilearen semea da, eta jator-jatorrak dira biak. Haiekin hasi nintzen ikasten. 

Azkenean, zeu irakasle.
Ama batek eskatu zidan margotzen irakasteko bere seme-alabei, eta halaxe, ohartzerako lokala umez bete zitzaidan. Utzita nago, baina gurasoek galdetu egiten didate oraindik, eta ez dakit ez ote naizen berriz hasiko erakusten, umezalea izan bainaiz beti. Bilobak koskortu zaizkit, eta denbora badaukat halako zerbait egiteko...

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide