Hondartza bidean aldaketak izango dira, bidegorriko lanengatik

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 14a, 15:25

Bidegorriko lanak. Argazkia: Karkara.

Apirilaren 6an abiatu zituzten autopistako eta Bikamiotako biribilguneen arteko bidegorria egiteko lanak. Geroztik, trafikoari eta oinezkoei eragin dieten murrizketak izan dira Hondartza bidean. Aste honetan, esate baterako, ezkerreko espaloia irekiko da oinezkoentzat eta eskuinekoan hasiko dituzte konponketa-lanak. Azken horrek beste zenbait aldaketa eragingo dituela iragarri du Orioko Udalak.

Apirilaren 25etik itxita egon da Hondartza bideko errailetako bat, bidegorriko lanak direla-eta. Ibilgailuek herrira sartzeko baino ezin izan dute erabili errail hori, eta herritik irteteko, aldiz, Estropalari kalera jo behar izan dute. Oinezkoentzat, Estropalari kalea edo txaleten aldeko espaloia izan dira hondartzara joateko bide bakarrak.

Espaloi-aldaketa

Ekainaren 15etik aurrera, argiteria berritzeko lanei ekingo diete txaleten aldeko espaloian eta, obrek irauten duten artean, kendu egingo dira bertako aparkalekuak. Gauzak horrela, aldatu egingo da oinezkoentzako espaloia, eta "ibilgailuen sartu-irtenak ahal den neurrian murrizteko" eskatuko die Udalak Hondartza bideko bizilagunei. Espaloiko baldosak jarri ahala, ibilgailuek bi egunez debekatua izango dute haien gainetik pasatzea. Beraz, bi egun horietan, autoak barruan ala kanpoan izan beharko dituzte bizilagunek, espaloiaren gainetik pasa ez daitezen. Udal Gobernuak ziurtatu duenez, bizilagunei "banan-banan" emango zaie lan horien berri, eta bidegorria udan prest izatea aurreikusten du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide