Emakumeei zuzendutako eskubaloi saioak antolatu ditu Orio Eragin Klubak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko eka. 11a, 12:23

Mugarik Ez saioen helburua da parte hartzen duten emakumeek kirola eginez ondo pasatzea eta eskubaloia ezagutzea. Datorren asterako antolatu dute hurrengo saioa; irekia izango da.

Orain dela urte batzuk Eragin eskubaloi klubeko hainbat gurasok zuzendaritzari eskatu zioten gurasoei zuzendutako eskubaloi saio batzuk antolatzeko. "Ekimen polita iruditu zitzaigun, baina atzeratzen joan behar izan dugu, ez genuelako horretarako tarte egokirik aurkitzen; batetik, pista libre ez zegoelako, eta bestetik,entrenatzaileek ere tarterik ez zutelako. Dena dela, ez genuen ideia baztertu, eta duela hiru hilabete antolatu genuen lehenengo Mugarik Ez saioa»", azaldu dute elkarteko ordezkariek.

Ekimenaren helburu nagusia da herrian eskubaloia ezagutaraztea. "Duela urte gutxi sortu genuen Eragin kluba eta oraindik jende askorentzat ezezaguna da eskubaloia: nola jokatzen den, arauak... Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun saio batzuk antolatzea eskubaloia ezagutarazteko, beti ere modu ludikoan, hau da, parte hartzaileek ondo pasatzea helburutzat hartuta. Horregatik, hasieratik argi utzi dugu saio hauetan parte hartzeko baldintza bakarrak umore ona eta ikasteko gogoa direla. Ez dugu eskatzen baldintza fisiko edo ezagutza jakinik", zehaztu dute.

Kirola ezagutuz

Harrera ona izan du Mugarik Ez ekimenak; bi saio egin dituzte eta horietako bakoitzean hogeina emakume bildu dira. "Poliki- poliki" hasi dira entrenamenduekin, eta aurreneko saioak arinak izan direla aitortu dute. Koordinazio ariketak, eskubaloiarekin zerikusia duten taldekako jolasak eta teknika zertxobait lantzeko bakarkako ariketak egiten dituzte.

"Batzuek eskatu digute saioetan partidaren bat antolatzeko, eta agian, egingo dugu bateren bat, baina horretarako lehenengo kontaktua eskatzen duten ariketak landu behar ditugu, oraingoz kontakturik gabekoekin hasi baikara. Izan ere, baldintza fisiko desberdineko jendea bildu da, eta hutsetik hasi gara". Eragin klubeko kideek argi dute taldearen helburua ez dela etorkizunean lehiaketetan parte hartzeko talde bat sortzea, badaukatelako senior mailan jokatzen duen talde bat eta nahi duenak "ateak irekita" dituelako bertan parte hartzeko. "Mugarik Ez ekimenaren helburua da parte hartzen duten emakumeek kirola egitea, ondo pasatzea eta eskubaloia pixkanaka ezagutzea".

Hurrengo saioa datorren asterako antolatu nahi dute, baina ez dute eguna oraindik zehaztu. "Ekainaren 18an I. Eragin Eguna ospatuko dugu, eta goizean zehar jokalari, guraso eta entrenatzaileon arteko partidak jokatuko ditugu. Horren aurretik beste saio bat antolatzeko eskatu ziguten kideek". Hala, hurrengo Mugarik Ez saioa noiz izango den sare sozialen bidez jakinaraziko dute. "Ateak irekita daude parte hartu nahi dutenentzat".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide