Izena eman daiteke sanpedroetako 3x3 Futbol Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 11a, 10:00

Ekainaren 28an jokatuko da txapelketa, hainbat kategoriatan banatuta, eta izena emateko epea hilaren 20an bukatuko da.

San Pedro jaien barruan, 3x3 Futbol Txapelketa berreskuratuko dute aurten. Izan ere, beste zenbait ekitaldi bezalaxe, kirol topaketa hau ere bertan behera egon da azken urteetan pandemiaren ondorioz. Beraz, laugarren edizioak badu data, eta ekainaren 28an jokatuko da, Mendibeltz zelaian. Ohi bezala, irekia izango da, eta sei urtetik aurrerako edonork hartu ahal izango du parte.

Txapelketa hainbat mailatan banatu dute oraingo honetan ere, baina izena ematen duten taldeak mistoak izan behar dute ezinbestean. Gainerakoan, LH 1etik LH6ra, maila bakoitzeko kategoria bat zehaztu dute; DBH1-2 izango da hurrengo kategoria multzoa, eta DBH3-4 beste bat; eta, azkenik helduena, 16 urtetik gorakoek osatutakoa.

Kategoria multzo bakoitzeko hamar taldeko muga jarri dute antolatzaileek, eta talde bakoitzak lauzpabost lagunez osatuta egon beharko du. Izen ematea hilabete hasieran ireki zuten, eta ekainaren 20an amaituko da epea. Karela kiroldegian edo Zaragueta Herri Eskolan egin daiteke, eta parte hartzaile bakoitzak lau euro ordaindu beharko ditu jokatu ahal izateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide