Igandeko bi partidak irabazi ditu OBBk

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko eka. 8a, 09:00

OBB partida jokatzen.

Jardunaldi borobila izan zen igandekoa OBBrentzat eta beste behin erakutsi zuten beteranoek zein jokalari gazteek ekarpen garrantzitsua egiten diotela taldeari.

Igande Espainiako Ohorezko Sofbol Ligako 11. jardunaldia jokatu da Mendibeltzen. OBBk Kataluniako Viladecans taldea izan zuen aurkari, eta bi partidak irabaztea lortu zuten etxekoek.

Lehen partida berdinduta abiatu zuten bi taldeek, baina OBBk azkar erreakzionatu zuen eta bateatzen lan bikaina eginda, 5 lasterketa lortu zituen. Horren aurrean, katalanak baseetara iristen saiatu baziren ere, une oro kontrolpean izan zituen Igone Etxeberria jaurtitzaile oriotarrak, eta OBBk pixkanaka aurrera egin zuen markagailuan; azkenean, bosgarren sarreran irabazi zuten partida 8-1 emaitzarekin.

OBBk argi eta garbi utzi zuen hasieratik bigarren partida ere irabazteko asmoa zuela. Hala, indartsu hasi zuten bigarren norgehiagoka. Bigarren sarreran, esaterako, erakustaldia eman zuten bateatzen etxekoek eta 12 lasterketa egin zituzten. Viladecansek hainbat jaurtitzaileekin probatu zuen, baina ez zuten lortu oriotarrei aurre egiterik. Partida martxa onean zihoala ikusita, Patxi Arnal entrenatzaileak jokatzeko aukera eman zien taldeko jokalari gazteei, entrenamenduetan egindako lana erakus zezaten. OBBk irabazi zuen partida 19-3 emaitzarekin.

Jardunaldi borobila
OBBko arduradunek Igone Etxeberria jaurtitzaileak lehen partidan egindako lana azpimarratu dute, Viladecanseko 10 bateatzaile kanporatu baitzituen oriotarrak; Uxua Zoroza eta Elena Etxeberriak beteranoek bateatzen egindako lana ere nabarmendu dute, bakoitzak 2 hit bateatu batzituen. Gazteen artean, Carla Novellak 3 hit egin zituen, eta Amane Erkiziak eta Sara Loidik bi hit; azken honek egindako hit bat, gainera, Home Run bat izan zen, hau da, Loidik zelaitik kanpora bota zuen pilota. 

Jardunaldi borobila izan zen igandekoa OBBrentzat eta beste behin erakutsi zuten beteranoek zein jokalari gazteek ekarpen garrantzitsua egiten diotela taldeari. Hurrengo jardunaldian etxean jokatuko du berriz oriotarrek, Madrilgo Rivas taldeari aurka; ligako 2. itzuliaren hasiera izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide