Arrate Fernandez Itxasok zuzendutako Gure Hots dokumentalaren emanaldia egingo dute ostegunean, Orioko Kultur Etxean. Ahalduntze Eskolaren udaberriko programaren baitan antolatu dute proiekzioa eta, ostean, solasaldia egingo dute Fernandez Itxasorekin eta Leire Zinkunegirekin. Izan ere, ipuin-kontalari oriotarra da dokumentaleko narratzailea.
Euskal Herriko emakume askoren testigantzak bildu ditu ikus-entzunezkoak, adin eta eremu desberdinetakoak. Era horretara, Euskal Herriko orografiari jarraituz, XX. eta XXI. mendeetako emakumezko profesionalen erradiografia egin dute. Elkarrizketatuen artean dira, besteak beste, Itxaro Borda, Alaia Martin, Caroline Phillips, Maddi Zubeldia eta Irantzu Varela, hamalau guztira.
100 minutuko iraupena du ikus-entzunezkoak eta kultur etxean eskainiko dute 18:30ean hasita.