Udalak jarri du ikusgai dagoeneko lehengo asteko Orioko natur ondarea: ezkutuko altxorrak, agerian hitzaldiaren bideoa. Arturo Elosegik eman zuen hitzaldia, eta nabarmendu zuenez, azken hamarkadetan kutsadura nabarmen murriztu den arren, Oria ibaiaren goiko aldean dauden industriaguneek kalte izugarria egin diote errioari urte luzez. Gaur egun ere, mehatxu ugariri aurre egin behar izaten dio errioak, eta espezie inbaditzaileek buruhauste franko eragiten dizkiete ekologistei. Horrez gain, klima-aldaketak, gainera, eragin handia izango du aurrerantzean, orain arte bizi gabeko egoerak sortuko dituelako.
Kulturaren eta naturaren arteko harremanaz mintzatu zen Elosegi: "Ez daude elkar kontrajarrita, batak besteak behar baitu". Eta, adibide gisa, angulen arrantzari egin zion erreferentzia, espezie preziatu hori desagertuko balitz, arrantza tradizionala ere hondoratuko litzatekeelako.