PAPEREKOA

"Orioko surflariek komunitate izaerari eusten diote, lagunarte polita dago surf taldearen bueltan"

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 29a, 13:00

Iñigo Arina Orioko hondartzan. (Iñigo Gaiton)

Denok dugu historia pixka bat atzean, eta Iñigo Arinak (Donostia, 1968) ere badu berea. 1980an hartu zituen lehen olatuak, eta urte batzuetan, inguruotako surflari onenetako bat izan zen, Europako txapelketetan ere parte hartuz. Garai batean surfarekin nola, musikari lotuta bizi da gaur egun, eta orduak egiten ditu DJ modura abesti artean murgilduta. 

Surflari zarauztar bat Orion. Hori mailaz jaistea dela esango luke baten batek...
Kar-kar-kar... Hamabi urte pasatu dira dagoeneko bizitzera etorri nintzenetik, eta egia esan, ondo nago. Zarautzen galdu den bakea mantentzen du Oriok, batez ere udaberritik aurrera.

Nolako surf komunitatea topatu duzu hemen?
Lagunarte polita dago surf taldearen bueltan, eta ondo dago herriko jendeak komunitate izaera horri eustea. Beste hondartza asko surf eskolekin-eta atzerritarrez bete dituzte, eta hemen ez da halakorik, zorionez. Egia esan, Orioko hondartza ez zait oso toki egokia iruditzen surfen egiten ikasteko. Oso txikia da, eta olatuek indar handia dute, bortitzak dira. 

Zure hastapenak nolakoak izan ziren?
Haurtzaroa Donostian egin ondoren, 12 urte nituela Zarautzera joan ginen bizitzera, aitaren lan kontuengatik. Gure auzoan ez zegoen futbol kantxarik ezta bestelakorik ere, eta surflariei begira egoten nintzen, Iñigo Timon eta beste guztiei. Lagunak egin nituen berehala: Nick Lavery, Mikel eta Xabier Troitiño, Ibon Amatriain... Oriotarrak ere baziren tartean: Javier Iturain, Luis Etxeberria, Mikel Lertxundi...

Itxas Tresnarik izan al zenuen lehen urte haietan? 
Ez, Santa Martina markako taula bat probatu nuen aurrena (gerora Pukas sortuko zutenek egina). Ni surfean hasi nintzen garaian, dagoeneko Itxas Tresnak baino taula hobeak egiten ziren. Patxi Olidenek egindakoak egokiak ziren ikasteko, baina bestela, ez ziren oso finak. Dena den, ez naiz hasiko hemen, Orion, Itxas Tresnez gaizki esaka, herritik botako nauzue bestela! kar-kar-kar.

Iñigo Timon aipatu duzu. Orion jende askok ezagutzen du. 
Timon guretzat la hostia zen, onena. Ni baino bospasei urte zaharragoa da, eta liskar batzuk izan nituen berarekin. Ez nintzen isilik egotekoa izango 14 urterekin, eta hark egurra ematen zigun gaztetxo guztioi. Oso lagun onak egin ginen gero, eta ikaragarri ikasi nuen berarekin, uretan tokia egiten erakutsi zidan. 

Zu ere surflari ona zinen, argazki eta bideo zaharretan hala ikusten da. 
Hasieratik moldatu nintzen ondo taula gainean. Babesle batzuk ere izan nituen, garai hartan arraroa zen. Mundakan denda jarri zuen Craig Sage australiarrak surf taulak ematen zizkidan, Bruce Smithek egiten zituen. Zarautzen jendea harritu egiten zen, surf taulak debalde izaten nituelako. 

Txapelketetan ere ibili zinen, ezta?
Grosen egiten zen Pukas txapelketa ezagunean, Gijonen, Santanderren... Espainiako selekzioarekin Europako hiru txapelketetan ere parte hartu nuen. Lehiaz gain, konpetizioetan egiten genituen parrandak ere ikaragarriak izaten ziren, festa latzak!

Ba al duzu buruan marka laga dizun surf saioren bat?
Itziarren bost 360º egin nituen olatu batean. Lanzaroteko La Santa olatuan ere momentu ahaztezinak bizitakoa naiz. Kantabriako lagun batek eta biok hiru urte pasatu genituen han, primeran moldatu ginen bertako surflariekin. Esate baterako, han ezaguna den El Goma surflariari asko lagundu genion mutil koskorra zela, asko ikasi zuen gure laguntzarekin. 

Musikaz hitz egiteko tokirik gabe geratu gara. 
Musika bizio bat bihurtu da niretzat, surfa bezala. Musika jartzen orduak egiten ditut, eta oso interesgarria da egun bizi dugun garaia, Interneten milaka kantu berri plazaratzen direlako egunero. Askotan, bakarrik bada ere, momentu oso onak ematen dizkit musikak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide