"Nik barruan nuena aterata, ikusleari sentipenak sorraraztea lortu nahi dut"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko mai. 27a, 12:31

Bi urteko zikloa itxi du Iker Gozategi argazkilariak Berpiztu ikus-entzunezko lana aurkeztuta. Irudia, musika eta mugimendua uztartu ditu, izurriteak eragindako sentipenak azaleratzeko.

2020ko itxialdia Bartzelonan pasatu zuen Iker Gozategik, eta bertan sentitutakoa ateratzeko beharra sumatu zuen etxera itzuli zenean. Hala, barrua husteko eta garai horretan bizitako emozioak eta sentipenak adierazteko, Berpiztu izeneko ikus-entzunezkoa sortzea bururatu zitzaion. "Lagun bati proiektuaz hitz egin nionean, poesia bisuala bezala definitu zuen, eta asko gustatu zitzaidan kontzeptua", azaldu du argazkilariak.
 
2020ko uda amaieran grabatutakoa azken asteetan plazaratu du jendaurrean. Hasiera batean, proiektu osoa bideo batean aurkeztea pentsatu bazuen ere, material guztia grabatu zuenean konturatu zen egokiagoa zela piluletan, bideo motzetan, argitaratzea. Hala, bideotxo bakoitzarekin emozio jakin bat adierazi nahi izan du, eta Bartzelonako Bound magazine aldizkariko webgunean eta bere instagramean argitaratu ditu, @ikergozategi kontuan. Astean hiru pilula aurkeztu dituzte eta herenegun plazaratu zuten azkena.

Irudia eta musika

Proiektua sortzeko bateko eta besteko erreferentziak izan ditu oinarri Gozategik. "Barrena mugiarazten didaten argazkiak, bideoak eta musika biltzeko ohitura izan dut beti, eta ordenagailuan artxibatuta izaten ditut. Bartzelonan lanean nengoenean, argazkilari gisa nenbilen arren, nahiko erreta nengoen, eta pentsatu nuen erreferentzia horiek inspirazio iturritzat hartuta zerbait berria sortzea. Hasi nintzen gordeta nuen material hori karpetetan sailkatzen pizten zidaten sentipenaren arabera, eta hortik abiatu nintzen proiektuaren lehen urratsak egiteko", dio argazkilari gazteak.  

Berpiztu proiektua arte adierazpena dela ulertzen du Gozategik, eta horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio ikusle bakoitzak bere hausnarketa egitea. "Askok galdetzen didate zer esan nahi dudan edo zer sentiarazi nahi dudan bideotxo bakoitzarekin, baina ez naiz pistak eman zalea, azken finean, lortu nahi dudalako nik barruan nuena aterata, ikusleari sentipenak sorraraztea" adierazi du. Ez da kasualitatea horretarako ikus-entzunezko formatua erabiltzea. Gozategik argazkilaritza ikasi bazuen ere, beti eman diolako atentzioa ikus-entzunezko euskarriak. "Txikitatik izan dut musika eta dantzarekiko grina. Argazki batekin gauza asko kontatu daitezkeela iruditzen zait, baina musika eta mugimendua uztartzen direnean efektua indartu egiten dela uste dut. Horregatik, erabaki nuen ikus-entzunezkoa sortzea".

Euskal kultura

Ikus-entzunezkoak, euskal kultura, euskal dantzak eta herriko txoko desberdinak biltzen ditu. "Bartzelonan nengoenean herriaren hutsune handia sumatu nuen. Gainera, paisaia ikusgarriak ditugu hemen eta bisualki oso irudi indartsuak direla iruditzen zait. Horri gure kulturaren xarma gehitzen badiogu, emaitza ederra da". 

Gazte-gaztea zenetik euskal dantzetan aritu izan da Gozategi  eta horri ere garrantzia eman nahi izan dio bere proiekturik intimoenean. "Euskal dantza asko guztiz ezezagunak dira Euskal Herritik kanpo, eta harrituta geratzen dira bisitariak ikusten dituztenean. Kaixarranka pieza, esaterako, Itxaspeko miradorean grabatu genuen, eta Bartzelonako publikoa zirraratuta geratu zen ikusi zuenean. Dantza hori gure kulturaren parte da eta ez diogu bestelako garrantzirik ematen. Beraiek, ordea, ikusten dute mutil bat hilkutxa dirudien kaxa baten gainean dantzan, hainbat gizonek eusten duten bitartean. Benetan ikusgarria iruditu zitzaien, burua lehertzeko modukoa". 
Grabazioetan herriko jende askok parte hartu zuen eta eurentzat ere esperientzia "berezia" izan zela aitortu du Gozategik. "Oso eskertuta nago ikus-entzunezkoan parte hartu zuten guztiei. Esperientzia aberasgarria izan zela aipatu didate askok; izan ere, lan taldea oso gertukoa zen eta giro ederra izan genuen".

Proiektu berriak

Ikus-entzunezkoaz gain, Bidean izeneko fanzinea ere sortu du Iker Gozategik, Josu Larrea diseinatzaile zarauztarrarekin batera. "Bartzelonan, metroan lanera nindoanean, argazkiak ateratzen nituen mugikorrarekin: jendeari eta atentzioa ematen zidaten gauzei. Argazki horiek erabili genituen proiekturako". Gozategik argazkilaritza ez du ulertzen modu zurrun batean. «Argazkiak ateratzen ditut zerbait esan nahi dudalako eta uste dut sakelako telefonoko kamerak ere horretarako aukera bikaina ematen duela. Gainera, kamera handi batek eskaintzen ez digun bat-batekotasuna ematen digu».

Hemendik aurrera, Berpiztu proiektua aurkeztuta, erronka berriei heltzeko irrikaz dago Gozategi. "Proiektu luzea izan da. Ordu eta ahalegin asko eskaini dizkiot, lanketa handia egin dut eta buelta asko eman dizkiot. Horregatik, aitortu behar dut nekatu samar bukatu dudala. Mila aldiz berrikusi dut ikus-entzunezkoa, eta une batean ez nekien grabatu nuena gustatzen zitzaidan ala ez. Horregatik, behin jendaurrean aurkeztuta, proiektu berriei ekin nahi diet", aitortu du.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide