Apirilaren 27an, Errioa, gure nortasuna hitzaldi sortaren hirugarren saioa egin zuten Arraunetxen. Lourdes Odriozola Historian doktorea eta Jesus Mari Perona gaian aditua den oriotarra izan ziren hizlariak, eta Ontzigintza Orion. XVI. mendetik XX. mendera izenburupean, langintza horrek herrian izandako garrantziaz jardun zuten. Saioa bideoan jaso zuen udalak, eta orain ikusgai jarri du, oso-osorik.
Orioko itsas ondareari buruzko laugarren hitzaldia aste honetan izango da; asteazkenean, hain zuzen. Estibaliz Diaz Biologian doktore eta ikertzaileak gidatuko du saioa: Sargazoetatik Orioraino: aingiraren bidaia miresgarria. "Zer dute komunean Aristotelesek, Freudek eta Kalsbergek? Ibaietako suge itxurako arrain bereziaren, aingiraren, jatorria ezagutu nahi zutela", dio Diazek. Gaur egungo zientzialariek haiek baino zerbait gehiago badakite espezie honen inguruan, baina, hala ere, badaude misterioak argitzeke. Sargazoen Itsasoan jaiotzen direla ondorioztatu dute, baina ez da haien ugalketa dokumentatu, eta inork ez du aurkitu aingira europarraren arrautzarik. AZTIko ikertzaileak argitzeke dauden misterioetan jarriko du arreta, eta aingira europarraren egoera delikatua eta hura berreskuratzeko egiten ari diren lanak izango ditu hizpide. Saioa Arraunetxen izango da, 19:00etan hasita.