Gero eta gutxiago falta da Balearen Egunerako, eta gaur goizean, ospakizunaren bueltan antolatu den egitarauaren berri eman du Orioko Udalak, moilan egindako prentsaurrekoan. Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabier Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabi Ibarguren kultur zinegotziak eta Iker Apaolaza kultur teknikariak aletu dituzte Balearen Egunerako eta aurreko egunetarako antolatutako ekimen desberdinen nondik norakoak.
Esnalek azaldu duenez, "ilusio bereziarekin" egin du gaurko hitzartzea, alkate gisa aurkezten duen lehen Balearen Eguna delako aurtengoa, eta pandemiaren ostean, "festa-giroa berreskuratzeko lehen pausoa" ere badelako. Alkateak gogora ekarri du udalak "errioaren eta ondarearen aldeko apustu serioa" egin duela duela azken urteotan, eta Orioren tradizioari lotutako balea-arrantzak zerbait adierazten badu, hori "herri osoaren batasuna" dela, "herri oso bat helburu baten alde lanean" jardutearena.
Alkateak azpimarratu du herri oso-osoa batzen duen festa bakarrenetakoa dela Balearen eguna, eta berarentzat "ohorea" dela aurtengo edizioa aurkeztu ahal izatea: "Herri osoa hunkitzen da egun horretan, inplikatu, arrantzale arropekin jantzi... Odolean daramagun ospakizuna da", bukatu du.
Ibargurenen hitzetan, "Orioren harrotasunaren parte da ospatzera goazena. Hizkuntzak ez ezik, bizibideak eta ogibideak ere gure identitatea sortzen dute, eta festa hau gure nortasun kolektiboaren parte da".
Aurtengo programa antolatzeko denbora gutxi izan du udalak, eta aurtengo ospakizunak azken ediziokoak baino xumeagoak izango diren arren, nabarmendu dute "ilusio eta gogo berarekin" jardun dutela lanean. "Egun berezia izango da, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu, Balearen Eguna oriotarrok egiten dugulako berezi", adierazi du zinegotziak.
Ekimen ugari, larunbatetik aurrera
Larunbat honetan, maiatzaren zazpian, emango zaio hasiera Balearen Egunaren bueltan antolatutako egitarauari, 2001eko Mende bete arraunean eta bertsotan ikuskizunaren bideo-proiekzioarekin. Ondoren, egun handiaren aurretik, haurrei zuzendutako jarduera ugari izango dira: familia osoarentzako Azken Balea clown antzezlana, bi eskoletako haurrek herrian barrena egingo duten kantu-bira, eta ontzigintzaren inguruko haurrentzako tailerrak, Mutiozabalen (aurrenekoz zabalduko dute ontziola, eraberritze-lanen ondoren). Balearen Egunaren bezperan, bestalde, Benito Lertxundiren kantaldia izango da kiroldegian; sarrera guztiak ahituta daude jada.
Egunean bertan, musika, dantza eta ohiko animazioekin hasiko da festa, eta 13:00etan, elizako kanpai-hotsen ondotik, bost traineruk balea ekarriko dute errioan barrena. Ondoren, Salatxo abesbatzak eta Harribil dantza-taldeak ongietorria egingo diete moilan arrantzaleei. 14:30ean Herriko Plazan egingo den herri-bazkarirako txartelak bihartik aurrera izango dira eskuragai kultur etxean. Eta arratsaldean, festa-giroan jarraitzeko, musika eta dantza-saioa izango dira Herriko Plazan eta kaleetan.
Bestalde, aurten, estreinakoz, Balearen Egunaren irudia aukeratzeko kartel-lehiaketa antolatu du udalak, eta deialdiak "erantzun ederra" izan du. Helduen kategorian hamar lan aurkeztu dituzte eta, Zaragueta Herri Eskolarekin eta Orioko Herri Ikastolarekin elkarlanean, ehunka lan bidali dituzte ikasleek. Ikastetxeek erakutsi duten "prestutasuna" eskertu nahi izan die Apaolazak.
Egitaraua, osorik
Azpialdean ikus daiteke Balearen Eguneko egitarau osoa:
Maiatzak 7, larunbata
19:30 Arraunetxen, Mende bete arraunean eta bertsotan 2001eko ikuskizunaren bideo-proiekzioa eta ekitaldia. Gonbidapenak: Kultur etxean.
Maiatzak 8, igandea
10:00-14:00 Herriko Plazan eta inguruan - Artisau-Azoka
Maiatzak 11, asteazkena
19:00 Arraunetxen, Sargazoetatik Orioraino: aingiraren bidaia miresgarria hitzaldia, Esti Diaz Silvestrek emana
Maiatzak 12, osteguna
18:00 Kultur etxean, Azken Balea familia-antzerkia, Tomaxen Abenturak konpainiarena.
Maiatzak 13, ostirala
Goizean, herriko kaleetan, Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako haurrek baleari eta itsasoari buruzko kantak abestuko dituzte.
17:00 Mutiozabal ontziolan, ontzigintzaren inguruko haurrentzako tailerrak, Albaola Itsas-faktoriak bideratuak*
22:00 Kiroldegian, Benito Lertxundiren kontzertua.
Maiatzak 14, larunbata, Balearen Eguna
10:00 Itsas Ondareari buruzko bisita gidatua, Begi Bistan elkarteak bideratuak* (3 €)
10:00 Kultur etxetik hasita, Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira herriko txistulariekin.
10:45 Herriko Plazan eta herrian barrena, Harribil Dantza Taldearen dantza ikuskizuna eta kalejira.
11:30 Bikamiotatik hasita herrian barrena, Salatxo abesbatzaren kantu-kalejira, trikitilarien laguntzarekin.
12:00 Herriko Plazan, sardina-pintxoak.
13:00 Moilan, balearen arrantza eta Salatxo abesbatzaren eta Harribil Dantza Talderen ongietorria
14:30 Herriko Plazan, herri-bazkaria (txartelak salgai kultur etxean maiatzaren 9 arte).
17:30 Herriko Plazan, plaza-dantzak Xoxote Bandarekin, Talai-mendi dantza-eskolak antolatuta.
20:00 Herrian barrena, Orkestra Elektrotxaranga.
22:30 Herriko Plazan, DJ Aros.
Maiatzak 15, igandea
12:00 Herriko Plazan, Gora Kaletxiki Andoaingo musika bandaren kontzertua Martin Peronaren omenez, Danbolin Musika Eskolako bandaren laguntzarekin.
*Izen-ematea Orioko turismo-bulegoan, 943 835 565 telefonoan edo orioturismo@gmail.com helbidean.