Zergatik erabaki zenuten noka praktikatzeko saioetan izena ematea?
Batetik, sozializatzeko eta jendea ezagutzeko, eta alde feministatik begiratuta ere, emakumeak saretzeko modu polita delako; eta bestetik, noka hitz egiteko ohitura hartzeko eta horretarako inguru bat sortzeko. Bestela, gure egunerokoan, ez daukagu noka jarduteko aukera handirik, eta horrela, gutxienez, kalean topo egiten dugunean-eta, geure artean noka egiten dugu.
Zer landu duzue saioetan?
Duela bi urte egin zen ikastaroan, praktika bai, baina batez ere alde teorikoa landu genuen, eta egia esan, paper artean hasteak pereza handiagoa ematen du. Aurtengoan, ordea, alde praktikoari eman zaio garrantzi handiena, dinamika oso politak jorratu ditugu, eta talde giro ederra sortu da. Denera lau saio egin ditugu, eta horixe pena, aukeran motzegi geratu zaigula.
Zehazki, zein motatako ariketak egin dituzue saioetan?
Aurrenengo saioan teoriari errepasotxoa eman genion: noka noiz erabili behar den eta noiz ez, aditzak lehenaldian, orainaldian, hika eta hitanoa zerk bereizten dituen... Ematen duena baino mami gehiago dauka kontuak. Gainera, herri bakoitzean bere aldaera du, eta saioetan herri dezentetako jendea elkartu gara; beraz, pentsa... Beste saio batean mahai jolasetan ibili ginen, partxisean eta, baina jolasak ere nokari buruzkoak ziren. Beste batean mendi buelta egin genuen, eta gurekin etorri ziren noka egiteko ohitura duten herriko bi emakume, helduagoak. Eta gelditu zaigu planen bat zintzilik ere; ea noiz daukagun berriz denok elkartzeko aukera.
Aurten, noka saioetarako lehendabiziko deialdia ez zen aurrera atera, eta bigarren bat egin behar izan zuten. Zer esango zeniekete herriko emakumeei?
Datorren urtean saioetara animatzeko. Azkenean, lana dela, familia dela, geure buruarentzako denbora gutxi hartzen dugu, eta saio hauek, noka egiteko ohitura hartzeaz gain, horretarako ere balio izan dute, ostiral arratsaldeetan pare bat ordu geuretzako hartzeko eta beste emakume batzuekin egoteko.