Antxon, zer moduz tabernako martxa? Ondo hasi al zarete lanean?
Lokalean berrikuntza batzuk egin eta gero, Gabonetan ireki genituen tabernako ateak, eta gogotsu ari gara lanean. Saiatzen ari gara gauzak ahalik eta ondoen egiten, eta ari gara martxa hartzen.
Arkaitz tabernan jardun zenuen lanean aurretik. Zaharren Babeslekuarekin konparatuz, zer alde dago negozio batetik bestera?
Erritmoa, oso desberdina da bietan. Arkaitzen goizean goizetik iluntzera arte izaten da martxa. Hemen, berriz, ordu hil edo motelak dezente izaten dira, eta kolpeka egiten duzu lan, badirelako jendea pilatzen den orduak ere. Kontatu didatenez, uda aldera lan gehiago izango dugu, eguraldi onarekin jende gehiago pilatzen delako plaza inguruan. Ea hala den.
Mertxe eta Juanjo Curielek 11 urtez izan zuten tabernaren ardura, eta edadeko jendea gustura zegoen haien lanarekin. Betiko bezeroak ohitu al dira aldaketara?
Aurrekoek oso ondo egin zuten lan, eta hori guk ere ikusten dugu. Tabernak hartu zuen izen txiki bat, eta haiek erakarritako jende batek oraindik ere egiten ditu erreserbak gurekin. Zaharrentzat ere aldaketa handia izan zen gu hemen ikustea, baina ohitu direla esango nuke, eta gustura ikusten ditut.
Zer harreman duzu haiekin?
Oso ona. Aukera dudanean, asko gustatzen zait haiengana hurreratu eta hitz egiten egotea. Desiratzen egoten dira kontu zaharrak eta aspaldiko gauzak kontatzeko, eta hizketaldi ederrak izaten ditugu. Hori asko gustatzen zait, lanaren alderdi on bat da, zalantzarik gabe.
Zaharren Babeslekua haien etxea da, taberna baino gehiago.
Eta hala izan behar du. Lanean hasi nintzenean, txipa aldatu behar izan nuen berehala. Hemen, adineko lagunak ez dira bezero arruntak, eta negozioaren kontzeptua desberdina da betiko tabernekin konparatuz gero. Segituan ulertu nuen hau toki berezia dela zahar askorentzat, haien etxea, eta bermatu behar da haientzako kalitatezko zerbitzu bat, haien harreman sarean garrantzia handia duen tokia delako. Eroso egon behar dute hemen, goxo, eta guk eskaini behar diegun arretak ere ahalik eta onena izan behar du, gertukoa.
Buruhauste handiak ematen al dizkizu negozioak?
Hau ostalaritza da, eta arduradun batek 24 orduz du burua martxan, zaila da deskonektatzea. Ordu asko egiten ditut tabernari lotuta, eta hori ez da ona etxeko kontziliazioari begira. Hala ere, bikotekideak esaten didan bezala, nire saltsan nabil hemen, eta oraingoz kontentu nago.
Negozioari dagokionez, zer da zailena?
Ba asko kostatu zaigu langileak lortzea, gezurra dirudien arren. Ostalaritza ez da sektore erakargarria gaur egun, eta zaila da urte osoan jardungo duten langileak bilatzea. Errentagarritasunari dagokionez, goizegi da hitz egiteko, baina zenbakiak ez dira harrotzeko modukoak, oraingoz behintzat. Sei lagun behar dira hemen lanerako, eta urtea pasatakoan ikusiko dugu zenbakiek zer dioten.
Nola ikusi nahiko zenuke taberna bost urte barru?
Gustatuko litzaidake zenbakiek ondo ematea eta negozioa irabazi-tarte eroso batekin errentagarria izatea, udalari laguntzarik eta halakorik eskatu behar ez izateko.