Aste Santurako hiru bisita gidatu antolatu ditu Turismo Bulegoak

Aitziber Arzallus 2022ko api. 12a, 15:00

Ostegunean, larunbatean eta igandean izango dira saioak, 11:00etan Pilliku plazatik abiatuta. Ostegunekoa eta igandekoa euskaraz izango dira; larunbatekoa, berriz, gaztelaniaz. Turismo Bulegoan bertan, orioturismo@gmail.com helbidera idatzita edo 943-83 55 65 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena. 12 urtetik gorakoek hiru euro ordaindu beharko dute.

Turismo Bulegoak Orioko itsas ondarean sakontzeko bisita gidatuak antolatu ditu Aste Santurako. Apirilaren 14an, 16an eta 17an izango dira saio horiek, egun bakoitzean bana. 11:00etan abiatuko dira Pilliku plazatik, Turismo Bulegoaren paretik, eta Kale Nagusian barrena egingo dute ibilbidea. Ordubeteko saioan, herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak.

Hiribilduaren sorrera, burdinolak, merkataritzatik eratorritako zergak, ontziolak, balea arrantza… Mende luzez, Orioko ekonomiak eta gizarteak lotura estua izan du errioarekin, eta horrek herriaren eta herritarren nortasuna zizelkatu du. Bisitaren helburua iragan horretan barneratzea da, modu atsegin batean.

Bisita gidatuak hiru euro balioko ditu (12 urtez azpikoentzat, doan), eta hiru modu daude izena emateko: Turismo Bulegoan bertan, orioturismo@gmail.com helbidera idatzita edo 943-83 55 65 telefono zenbakira deituta. Osteguneko eta igandeko bisitak euskaraz izango dira, eta larunbatekoa gaztelaniaz.

Martxoa Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea izaten dela eta, Turismo Bulegoak bisita gidatua antolatu zuen martxoaren 26rako. Saioak izandako arrakasta ikusita, Aste Santuko oporraldian ere aukera eskaintzea erabaki du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide