Bigarren Euskal Herriko txapelak ihes egin die Esoaini eta Ubeguni

Aitziber Arzallus 2022ko api. 11a, 14:46

Joan den larunbatean 2022ko Euskal Herriko Mus Txapelketa jokatu zuten Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta han izan ziren Ibai Esoain eta Ion Ubegun oriotarrak. Azken asteetako bolada onari eutsi eta hirugarren astez jarraian txapela buruan zutela bueltatu nahi zuten etxera, baina ezin izan zuten. Final laurdenetara sartzeko partida galdu egin zuten, eta bederatzigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Azken hiru asteburuetan bizitakoa, ordea, inork ez die kenduko.

Astebururo txapela buruan etxeratzera ohitzen hasiak ziren Ibai Esoain eta Ion Ubegun muslari oriotarrak, baina Baigorritik (Nafarroa Beherea) gabe bueltatu behar izan dute. Larunbatean 2022ko Euskal Herriko Mus Txapelketa jokatu zuten han, zazpi lurraldetako 128 bikote zein baino zein. Txukun hasi zen bikote oriotarra. Lehendabiziko hiru partidak irabazita, egunari itxura ona hartuta zeudela esan dute, baina aurreneko zortzietan sartzeko partidak ihes egin zien, eta harekin baita txapela janzteko aukerak ere. Hala, bederatzigarren postuan bukatu zuten lehia.

Momentuan pena hartu zutela aitortu arren, buelta laster eman ziotela esan dute, eta pozik etxeratu zirela, azken asteotan egindakoak eta bizitakoak inork ez dizkielako kenduko. Izan ere, martxoaren 26an 2022ko Gipuzkoako Mus Txapelketa irabazi zuten Seguran, eta joan den asteburuan pandemiagatik atzeratutako 2020ko Euskal Herriko Mus Txapelketa irabazi zuten Leitzan (Nafarroa).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide