Errikotxia bertso eskolan, ahotsak ehunduz

Aritz Pardina 2022ko api. 10a, 11:00

Aspaldiko ikasle kopuru handiena du Errikotxia bertso eskolak. Horren aitzakian, Iñaki Gurrutxaga eta Mikel Iruretagoiena irakasleekin eta zenbait bertsolari gaztetxorekin egon da KARKARA. 

Eskolaren lehenengo fasea ez zen erraza izan. Hasiera batean, bertso eskola Orioko Herri Ikastolarena zen. Ondoren, 2008an, Errikotxia kultur elkarteak hartu zuen haren ardura. Trantsizioa ez zen bat-batekoa izan. Gaur egun duten egonkortasuna lortu aurretik, etenaldi ugari izan ditu proiektuak. Inaki Gurrutxaga irakasleak dioenez, horren oinarrian "okerreko planteamendu estrategikoa" zegoen.

Egoera, irakaslearen arabera, honakoa zen: "Udaletxearen bitartez, herriko bi eskoletan lantzen genuen bertsolaritza. Baina horrek ez zituen gure eskolara ikasleak ekartzen. Zergatik? Egonkortze fasean ginelako, umeen eskola ez zegoelako finkatuta". "Izan ditugu helduen taldeak, baina transmisio lana falta zitzaigun, adin txikietara iristea", dio Mikel Iruretagoienak ere; bera da beste irakaslea. Testuingurua, bada, kontraesankorra zen: ume askok lantzen zuen bertsolaritza herrian, baina hori ez zen eskolan islatzen.

Egoera aldatzeko, bi behar nagusi identifikatu zituzten: batetik, deialdiak indartzea; bestetik, gazteenentzako erreferentziak aurkitzea, hots, jarraitasuna izango zuten taldeak osatzea. 

Horrela, deialdien formatua aldatu zuten. Gurrutxagak horren garrantzia nabarmendu du: "Lehen, eskoletako deialdiak propaganda modukoak izaten ziren, mezu bat zabaltzen genuen. Orain, berriz, dinamikak sortzen ditugu: jolasak eta bertsolaritzari lotutako dinamikak. Eskaintzen diegu espazio bat bertsolaritza eta sorkuntza gertutik bizi dezaten. Ikusarazi nahi izaten diegu bertsolaritza ez dela soilik telebistan azaltzen dena". Eta jokabide aldaketak eman ditu fruituak.

Iruretagoienak dio eskola azkenaldian asko bizitu dela: "Lehengo aldean, taldeak erraz sortzen dira. 6-8 pertsonako taldeak osatzen dira, Orio bezalako herri batean, neurrikoak. Eta umeak gogoz etortzen dira; ondo pasatzen dute eta, ikusten dute bat-batean sortzeko gai direla, puntuak ere erantzuten dituzte… Helburua da horrela jarraitzea, denbora daramaten gazteak txikiekin lanean has daitezen". Biek ala biek diote "bere burua elikatzea" bertso eskola ororen berezko ezaugarria dela, eta helburu horretarantz ondo lerratuta daudela.

Egun, 21 ikasle ditu eskolak, adin tarte ezberdineko hiru taldetan banatuta. Helduenek bost urte inguru daramatzate, eta lehenengoz, jarraitasuna du Errikotxiaren egitasmoak. Gurrutxagak dio eskola "saretu" egin dela. Irakasleez gain, elkarteak ere badu talde eragile funtzioa, eta garrantzitsua iritzi diote gurasoen inplikazioari ere. Horrek, esaterako, martxoaren 26an antolatu dituzten jardunaldietara begira, konfiantza ematen die. Askoren artean bultzatzen dute bertso eskola, eta horregatik dira etorkizunarekiko baikor.

Hitzekin jolasean

Eskolako ikasle gazteenek 9-10 urte dituzte. Iruretagoiena aritzen da txikienekin, eta hark eman ditu klaseetako dinamikei buruzko argibideak: "Bertsolaritza jolas mental bat dela erakusten diet. Noski, oinarri bat ematen saiatzen naiz. Gainera, oro har, hona datorrena ez da hutsetik hasten, etxetik dakar zaletasuna, eta horrek asko errazten du lana. Gauza soilekin ondo moldatzen dira: oinak eta bestelako elementuak emanez gero, aise osatzen dituzte bertsoak, edo erantzuten puntuak". Laguntza hori izanik, haren aburuz, motibazioan dago giltza: "Batzuetan asmakizunak eta halakoak planteatzen dizkiegu. Berezko interesari jolasaren motibazioa edo zerbait asmatu beharra gehituz gero, ia ohartu gabe hasten dira bertsotan".

Oso beharrezkoa ez bada, klaseetan euskarri materialik ez dutela erabiltzen esan du Gurrutxagak. "Arkatzik, bolalumarik eta paperik gabe egiten dute guztia"; kantua izaten da eskoletako protagonista. Horrez gain, bertsolaritza komunikazio tresna baliotsua dela ere transmititzen diete ikasleei. Gurrutxaga berak azpimarratu du "edozein egoera komunikatibotan bertsoaren elementuak adierazpide bezala erabiltzeko aukera" dela jarduera erakargarri egiten duen puntuetako bat. Hortaz, bertso eskola ez da ikasgelara mugatutako zerbait.

Zentzu horretan, bertsolaritzak bete ditzakeen esparru guztiei garrantzi bera ematen diete irakasleek. Euren xedea ez baita txapelketetan lehiatuko duten bertsolariak prestatzea bakarrik. Hori arte honen ikuspuntu hertsiegia litzateke. Honela dio Iruretagoienak: "Gure umeetako batzuk iritsiko dira plazetan abestera, eta izugarrizko ilusioa egingo liguke horrek. Baina behar dira bestelako profilak ere: kuadrillan abestuko dutenak, gai jartzaileak eta, noski, bertsoetan heziketa jakin bat duten entzuleak, entzule kualifikatuak". Hitz gutxitan dio irakasleak: "Gure helburua da, bakoitzak bere mailan, norbere burua kokatzea bertsolaritzaren munduan".

Parekotasun horretatik abiatuta, nabarmendu dute bertsolaritzaren esentzia ludikoa dela, jolasaren modukoa. Dinamikak taldean osatzen dituzte eta, hala, galdera-erantzunaren bitartez, teknika errazago barneratzen dute ikasleek. Partaideen hartu-eman hori dute, gainera, bertsolaritzaren esentziatzat. Gurrutxagak honako adibidea jarri du: Maialen Lujanbioren eta Amets Arzallusen mailako bertsolariak lehiaketan bete-betean ari direnean, badago une bat, txapelketaren tentsioa eta guzti, elkarren baitan biltzen direna. Hori da arteak berezkoa duena. "Gure helburuetako bat da umeek eskolan bertso bat abesten duten bakoitzean bertsolari profesionalek sentitzen dutena bizitzea". Iruretagoienak bat egin du: "Izan agertokian edo eskolan, berdin asebetetzen da bertso eder bat ontzen duen pertsona".

Prozesua helburu

Baina bertsolaritza ez da errima eta erritmoa soilik. Hitzak jostea bada pentsamendua garatzeko bide bat ere. Bertsolaritza "barneko gauzak adierazteko bide bat da" Iruretagoienaren ustez. "Bertsolari onek etengabe mezuak bidaltzen dizkigute, eta edonork erabil dezake lanabes hori". Gurrutxagaren iritziz, jarduera honek "mundu ikuskerak garatzen laguntzen du". Horregatik diote umeek erakusten duten "espiritu kritikoa" ez da kasualitate hutsa.

Bertsolaritzak umeei ekar diezazkiekeen onurez mintzatu dira irakasleak; sormenaren atseginaz eta kritikotasunaz gain, haien garapen kognitiboari egiten dien mesedeaz, memoria, irudimena, ahoskera, hiztegia eta beste hainbat gaitasun lantzeko balio duelako. Eta beste bat ere aipatu du Iruretagoienak: aurrez aurre hitz egiteko gaitasuna. "Oro har, jendearen aurrean hitz egitea oso zaila zaigu. Hauek, berriz, txikitatik daude ohituta ez agerian hitz egitera bakarrik, baizik eta, aldi berean, errimatzera, ez desafinatzera eta zerbait esanguratsua esatera". Zentzu horretan, oholtza edota txapelketak baino, lanketa bera dute helburu. 

Baina badago gehiago ere. Gurrutxagaren aburuz, bertso eskola sortzaileentzako gunea baita: "Hizkuntzaren gozamena ere transmititzen diegu. Bestela, non landu? Hemendik pasa izan dira artista eta sortzaile franko, ez bereziki bertsolaritza gustuko dutenak, baina euren sormena garatzeko beste lekurik aurkitu ez dutenak". Horrez gain, ohartarazi dute hezkuntza arautuan "gabezia ugari" dagoela ahozkotasunari dagokionez, "mundu akademikoan gutxietsitako arloa" dela: "Ikasketa prozesuak oso definituta daude idazketan eta irakurmenean". Horregatik, gure ahozko jardunak oinarria (telebistako esatariena, kasu) idatzizko testuetan duela diote, eta gutxi direla ahozko espresioa bere horretan lantzen duten guneak.

Gazteen ahotsa

KARKARAk bertso eskolako ikasle talde bat ere izan du solaskide. Aho batez diote zaletasuna etxetik dakartela; hortik aurrera, bakoitzak bere modura sentitzen du bertsolaritza. Batzuek diote "gustura entzun eta sortzen" dituztela bertsoak; besteek, entzutea ez zaiela batere gustatzen, baina abestea bai. Bada uste duenik arretaz entzutea modu ona dela doinu eta teknika berriak barneratzeko; edo "kopla dibertigarri eta onak" entretenimendu ederra direla. 

Bertso eskolan ikasitakoari bestelako etekinik ere ateratzen diote gaztetxoek. "Euskal kultura hobeto ezagutzeko balio du bertsolaritzak", dio batek; eta honakoa nabarmendu du beste batek: "Hitz berriak ezagutzen ditugu, haiek nola erabili, eta eskolako idazlanetan-eta baliagarri izaten dira". Euskararen kaleko erabilerarekin ere lotu dute eskolaren garrantzia: "Euskaraz hobeto hitz egiten ikasten duzu, eta jendearen aurrean ere lasaiago aritzen zara, ez zara hainbeste trabatzen".

Helburuak ere argi dituzte ikasleek, eta ez dira hutsalak. Haietako bati bertsogintza baliagarria zaio urtebetetzeetan gurasoei eta familiakoei abesteko. Txapelketak ere aipatu dituzte: "Inoiz aukeraren bat izanez gero, ondo, baina, oraingoz, ikastearekin konformatzen naiz". Eta etxean bertsolariak dituenik ere bada; ikasle horri, familia giroan bertsotan aritzeko aukera oparia iruditzen zaio.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide