Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabi Ibarguren kultur zinegotziak eta Iker Apaolaza kultur teknikariak ostegunean aurkeztu zuten apiriletik ekainera bitarteko kultur agenda. "Adin, gustu eta zaletasun guztiei zuzendutako aukerak bildu nahi izan ditugu, ikus-entzunezko hainbat formatutan", adierazi zuen Ibargurenek.
Apirileko lehen egunetan hasi eta sanpedroak bitartean, 20tik gora jarduera programatu dituzte. Horien artean, herriko eragileek landutako saio ugari izango dira; esate baterako, Danbolin Musika Eskolaren DanbolinFest jaialdia, Ahalduntze Eskolak prestatutako zinema-emanaldi eta solasaldiak, Talai-Mendi kirol-elkarteak antolatutako Kukuarri Astea eta Harribil dantza-taldearen San Joan gaueko emankizuna.
Aurkezpenean, "kulturak komunikazio-esparru bat" sortzen duela azpimarratu zuen alkateak, eta eremu horrek balio duela "errealitatea islatzeko, horrekin kritikoak izateko eta irudimenaren bidez bide berriak jorratzeko". Gainera, Esnalen hitzetan, "munduan egoteko eta honi begiratzeko kodeak" ematen ditu kulturak, baita talde-izaera ere, "komunitatea" sortzen baitu.
Balearen Eguna ospatuko da
Maiatzaren 14a egun seinalatua izaten da Orion, eta udalak azaldu duenez, aurten Balearen Eguna ospatzeko modua izango da. "Herriaren nortasunaren parte da festa garrantzitsu hau. Zoritxarrez, oraindik bizi dugun egoera dela-eta, ezingo dugu jaia azken edizioetako formatu berean antolatu, baina herria musika, kanta eta dantza-giroan murgiltzeko asmoa dugu. Egun horretan, arrantzalez eta baserritarrez janzteko eta balkoiak arrantzale-sareekin apaintzeko dei egin nahi diegu herritarrei", adierazi zuen pozarren Ibargurenek.
Martxoaren 30ean egin zuten Balearen Eguneko programazioa herritarrekin lantzeko lehen bilera irekia, eta datozen asteetan zehaztuko dute jarduera-sorta. Horrez gain, ospakizun bereziari lotutako hainbat ekitaldi antolatuko dira maiatzeko lehen hamabostaldian: Benito Lertxundiren kantaldia, artisau-azoka eta haurrentzako Azken Balea antzezlana (Tomaxen abenturak).
Sarrerak online erosteko aukera
Estreinako aldiz, kultur agendaren euskarri fisikoa herriko etxe guztietan banatu zen herenegun. Aurrerantzean, hiruhileko maiztasunarekin egingo da banaketa. "Herritarrengana heltzea garrantzitsua da guretzat eta, komunikazio tresnei lotuta, udalak urrats bat aurrera emateko beharra zuela uste genuen. Horregatik, programa euskarri fisikoan bidaltzeaz gain, sarreren online salmenta ere jarri dugu martxan orain dela gutxi", adierazi zuen Ibargurenek.
Izan ere, kultur eskaintzak "aparteko harrera" izan du azkenaldian, eta sarrerak euskarri fisikoan erosteko zailtasunak izan dituzte herritarrek. Horregatik, arazoari konponbidea jartzeko asmoz, sarrerak online erosteko aukera ere jarri du herritarren eskura udalak.
Programa
Apirila
- Apirilak 1, ostirala: Bakarrizketa: Antton Telleria (Korrika Kulturala). Kultur etxea, 22:00. 5€.
- Apirilak 8, ostirala: Haurrentzako antzerkia: Alpistegia (Korrika Kulturala). Kultur etxea, 18:00. 2€.
- Apirilak 27, asteazkena: Hitzaldia: Ontzigintza Orion. XVI. mendetik XX. mendera. Arraunetxe, 19:00.
- Apirilak 29, ostirala: Dantza-antzerkia: Oihana. Kultur etxea, 19:30. 10€.
Maiatza
- Maiatzak 7, larunbata: DanbolinFest jaialdia (Danbolin Musika Eskola). Herriko Plaza, 16:00.
- Maiatzak 7, larunbata: Proiekzioa: Mende bete arraunean eta bertsotan, 2001eko ikuskizunaren emanaldia. Arraunetxe, 19:30.
- Maiatzak 8, igandea: Artisau-azoka. Herriko Plaza, 10:00-14:00.
- Maiatzak 9, astelehena: Ipuin-kontalaria: Miriam Mendoza. Kultur etxea, 17:30.
- Maiatzak 11, asteazkena: Hitzaldia: Sargazoetatik Orioraino: aingiraren bidaia miresgarria. Arraunetxe, 19:00.
- Maiatzak 12, osteguna: Haurrentzako antzerkia: Azken balea (Tomaxen abenturak). Kultur etxea, 17:30. 2€.
- Maiatzak 13, ostirala: Kontzertua: Benito Lertxundi. Karela kiroldegia, 22:00. 10€.
- Maiatzak 14, larunbata: Balearen Eguna.
- Maiatzak 15, igandea: Kontzertua: Gora Keletxiki bandaren kontzertua, Martin Peronaren omenez. Herriko Plaza, 12:00.
- Maiatzak 20, ostirala: Zinema: Mendian hil, hirian hil. Kultur etxea, 19:00. 2€.
- Maiatzaren 22tik 29ra: Kukuarri Astea (Talai-Mendi).
- Maiatzak 25, asteazkena: Hitzaldia: Orioko natur ondarea: ezkutuko altxorrak, agerian. Arraunetxe, 19:00.
- Maiatzak 26, osteguna: Hitzaldia: Nolako herria da Orio LGTBI+ pertsonentzat? (Ahalduntze Eskola). Salatxo, 18:00.
Ekaina
- Ekainaren 6tik 18ra: Erakusketa: Karmen Mendieta. Kultur etxea.
- Ekainak 9, osteguna: Zinema + Solasaldia: Gure Hots (Ahalduntze Eskola). Kultur etxea, 18:30.
- Ekainak 10, ostirala: Antzerkia-Bertsoa: Erre. Kultur etxea, 19:30. 5€.
- Ekainaren 13tik 17ra: Entzunaldiak: Danbolin Musika Eskola. Kultur etxea, 17:00.
- Ekainak 23, osteguna: San Joan Gaua (Harribil dantza-taldea). Ikastola ondoko plaza, 22:00.
- Ekainak 24, ostirala: Ekitaldia: Patxi Olideni omenaldia (Orioko Surf Taldea). Hondartza, 19:30.
- Ekainaren 28tik 30era: San Pedro jaiak.