Bideoa: "Sahara ez dago salgai! Gora saharar herriaren aldeko borroka!"

IƱigo Gaiton 2022ko api. 3a, 12:50

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuten plazan ostiral arratsaldean. Herrian bizi diren sahararrek eta Orioko Sahararen Aldeko Taldeak egin zuten kale agerraldirako deialdia, eta ozen entzun zen Mendebaldeko Sahararen auzian Espainiako Gobernuak hartutako azken erabakiaren aurkako protesta.

Orioko Saharen Aldeko Taldeko kide batek irakurri zuen manifestua elkarretaratzea bukatutakoan, eta han nabarmendu zuenez, "Mendebaldeko Sahara ez da Marokoko lurralde-osotasunaren parte. Sahara deskolonizatzeko zain dagoen lurralde ez autonomoa da, eta Nazio Batuek autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aitortzen diote".

Ukrainako gerrari erreferentzia eginez, azaldu zuten "nazioarteko orden demokratiko eta bidezkoak esan nahi du herri guztiek dutela bakea, elkartasuna, garapena eta autodeterminazioa izateko eskubidea, herrialde bakoitzak erabakitzeko eskubidea izan behar duela bere aberastasunaren eta baliabide naturalen gainean".

Horrez gain, salatu zuten Espainiaren "legez kanpoko jarrerak" zaildu egiten duela NBEk Mendebaldeko Sahararako duen bake prozesua, lehentasuna "Marokoren eta Polisario Frontearen arteko zuzeneko eta baldintzarik gabeko negoziazioak hastea denean".

Manifestuan jasotzen da 2020ko azaroaren 13tik auzian ez dela aurrerapausorik egon eta "gerra egoera" dela nagusi. Horregatik, "errealitatearen larritasunak bultzatuta", bat egin zuten "Marokoren xantaiaren aurrean" Saharako Ordezkaritzak, Elkartasun Mugimenduak eta Saharako Diasporak azaldutako gaitzespenarekin.

Eskaera batekin amaitu zen kale agerraldia: "Euskal Herrian gure egiten dugun gatazka hau behin betiko konpontzea eskatzen dugu. Sahararrek inoiz baino gehiago behar gaituzte! Saharako herriaren autodeterminazio eta independentziaren alde!".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide