"Sekulakoa izango litzateke Euskal Herriko final bat irabaztea"

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 31a, 13:30

Ion Ubegun eta Ibai Esoain, bi Gipuzkoako txapel buruan dituztela. (IƱigo Gaiton)

Joan den asteburuan Ion Ubegun eta Ibai Esoain oriotarrek Gipuzkoako Mus Txapelketa irabazi zuten Seguran, eta datozen bi asteburuetan, Euskal Herriko Mus Txapelketaren bi final jokatuko dituzte: apirilaren 2an, Leitzan (Nafarroa), 2020ko finala; eta apirilaren 9an, Baigorrin (Nafarroa Beherea), aurtengoa. Gogotsu daude, eta zaila izango badakiten arren, zerbait ateratzeko esperantzarekin. "Umore filosofikoz" erantzun diete galderei.

Joan den larunbatean Gipuzkoako Mus Txapelketa irabazi zenuten Seguran. Gustura egongo zarete, ezta?

Ion Ubegun: Gu baino tristeago geratu zirenak izango dira.
Ibai Esoain: Oso gustura, bai.

Zer espektatibarekin joan zineten finala jokatzera? Espero al zenuten irabaztea?

I. U.: Gu beti joaten gara irabazteko intentzioarekin. Gainera, hasieratik izan genuen bihozkada ona. Aurreneko partida libratu egin genuen, eta zerbeza bat hartzen ari ginen bitartean, horixe komentatzen jardun genuen, arratsalde ona aterako zenaren itxura zeukala. Eta gero, bete egin zen.

Arrazoi jakinik bazenuten hori pentsatzeko? 

I. E.: Kosmosa, energia... bi zerbeza edanda dena askoz errazago ikusten dela.
I. U.: Gu bezalako muslariok hartzen diogu tankera, bai irabazteko eguna denean, baita galtzekoa denean ere.
I. E.: Guk nahi genuena zen Euskal Herriko finalera sailkatzea, esan liteke helburu horrekin joan ginela Segurara. Gero suertatu zen, sailkatzeaz gain, irabazi egin genuela, eta ez dakizu zein pozik bueltatu ginen etxera. 
I. U.: Ez dakit zergatik izango den, baina Segura oso ondo etortzen zaigu guri; joaten garen bakoitzean, fin ibiltzen gara.

Sei ordu iraun zuen Segurako saioak. Zuek zenbat partida jokatu zenituzten denera?

I. U.: Sei partida jokatu genituen, eta bat libratu genuen. 91 bikote ginenez, aurreneko partida hori ez genuen bikote guztiok jokatu. Behin lehenengo txanda jokatuta, 64 bikote gelditu ginen, eta orduan sartu ginen lehian. Bigarren txanda bukatuta, 32 gelditu ginen; hirugarrena bukatuta, hamasei; laugarrena jokatuta, zortzi; bosgarrena jokatuta, lau; eta finala bi hernaniarren aurka jokatu genuen.

Erraz jantzi al zenuten txapela?

I. E: Orain erraz hitz egiten dugu, baina esan beharra dago irabaztetik galtzera oso tarte estua egoten dela, eta jokatu genituela partida gogorrak, eta partidaren batean galtzeko zorian ere egon ginela, baina azkenean, irabaztea suertatu zen.

Suertatu bakarrik ez zen izango; abilidadea ere beharko da, ezta?

I. E.: Abilidadea ere pixka bat edukiko dugu, baina denetik behar da zerbait.

Segurako finalera sailkatzeko, Gipuzkoako hainbat herritan jokatu zituzten kanporaketak. Zuek non jokatu zenuten?

I.E.: Orion bertan jokatu genuen kanporaketa, Kolon Txikin, baina egia esan behar bada, han ez ginen sailkatu. Finalerdietan kanporatu egin gintuzten. Gu kanporatu gintuztenek, ordea, ezin izan zuten Segurara joan, eta beraien ordez joateko aukera eman ziguten.

Apirilaren 9an Euskal Herriko finala jokatuko duzue Baigorrin (Nafarroa Beherea). Gipuzkoatik 32 bikote joango zarete, eta guztira, 128. Luze joko du egunak…

I. U.: 09:00 aldera hasi eta egun guztia irauten du finalak. Goizean jokatzen dira kanporaketa batzuk, bazkaldu egiten dugu gero, eta arratsaldeko saioa hamasei bikoteren artekoa izaten da. Arratsaldeko partidak hango elkarte batean jokatzen dira.

Nolako jendeak parte hartzen du mus txapelketa honetan?

I. E: Oso txapelketa herrikoia da, ez profesionalena, kasinoetan-eta ibiltzen direnena. Gu mus zaleak bagara, baina ez gara itsu-itsu horietakoak. Txapelketa honetan parte hartzen dugu oso txapelketa herrikoia delako, eta nazio ikuspegiari dagokionez ere, baditu balio batzuk: Euskal Herriko Mus Federazioak antolatzen du, eta finalean zazpi lurraldeetako ordezkariak lehiatuko gara. Esan beharra dago festa eta saltsa ere gustatzen zaigula; beraz, tentagarriak egiten zaizkigun osagai eta eduki asko ditu. Aipatzekoa da, gainera, geroz eta gazte gehiago ikusten dela eta emakumeak ere urtetik urtera gehiago direla.

Horrelako final baten atarian, nolabait prestatzen al zarete?

I. U.: Bai zera, tartean-tartean afaritxoren bat egiten eta musean jokatzen dugu, baina pandemia dela eta, azken bi urteotan ez ginen lau aldiz ibiliko. 
I. E.: Kudrillakoak eta lagunak  gara, elkar oso ondo ezagutzen dugu, eta hori izan daiteke alde daukaguna, gutxi gorabehera badakigula momentu jakin batean besteak zer erabaki har dezakeen. 

2020an ere Gipuzkoako Mus Txapelketa irabazi egin zenuten, baina pandemia dela-eta Euskal Herriko finala jokatzeko zaudete oraindik. Hain zuzen ere, apirilaren 2an jokatuko duzue Leitzan (Nafarroa). Bi astetan, bi final izan, ezta marka txarra.

I. U.: Ea bietako bat irabazten dugun, kristorena izango litzateke hori. Gainera, Gipuzkoakoa irabaztea polita da, baina Euskal Herriko finaleko sariak potoloak izaten dira, eta horrek denoi egiten digu ilusioa.  
I. E.: Eta bestela, elkarrekin bi egun eder pasatuko ditugu, eta horrekin geldituko gara, ez baita sari txarra. Egia esan, galdutakoan ere erraz ematen diogu buelta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide