"Selma Huxleyk ildo pila urratu zituen, ez bakarrik arrantzari dagokionez"

Amaia Igartua Aristondo - Berria 2022ko mar. 14a, 12:01

Argazkia: Michael Barkham Huxley.

Selma Huxley ikerlariak XVI. eta XVII. mendeetan Ternuan baleak arrantzatzen zituzten euskal marinelen inguruan ikertu zuen; tartean, XVI. mendeko Orioko bi arrantzaleren testamenduak aurkitu zituen. Bere semeak, Michael Barkham Huxley-k, amaren ikerketekin jarraitzeaz gain, haiek aldarrikatu ere egiten ditu. 

Luze, zabal eta harro dihardu Michael Barkham Huxley geografoak (Ottawa, Kanada, 1959) bere ama zenaren bizitzaz eta lorpenez: Selma Huxley historialariak (Londres, 1927-Chichester, Erresuma Batua, 2020) XVI. eta XVII. mendeetan Ternuan (Kanada) aritutako euskal arrantzaleak ikertu zituen, baita haien arrastoak aurkitu ere. Ildo beretik jarraitu du semeak, eta, orobat, oinordetzan jaso du Euskal Herriarekiko lotura: Hondarribian (Gipuzkoa) bizi da egun, eta euskara hobetzeko asmoa du. Amaren jardunaz aritu da berriki Bilboko Sabino Arana fundazioan.

Selma Huxley txikitatik egon zen zientziaz inguratuta, ezta?

Zientzialarien eta intelektualen familia batean hazi zen. Haren aita diplomazialaria zen, baina baita Geographical Magazine aldizkariko sortzailea eta editorea ere. Beti etortzen zitzaizkien bisitan idazleak, esploratzaileak eta halakoak.

Gerra heldu zen arte.

Aita Washingtonera bidali zuten, eta harekin joan zen familia ere. Bera barnetegi batean utzi, eta gurasoak Londresera itzuli ziren; 1944an, institutua bukatu, eta Ingalaterrara itzuli zen, justu aliatuak Normandian [Frantzia] lurreratzen ari ziren garaian. Erizaintza ikasi zuen Londresen, azken bonbak erortzen ari zirela.

Zer egin zuen gerra bukatzean?

Erizaintza utzi, eta Parisera joan zen andereño, eta errusiera ikastera; independentea izan nahi zuen. 18-19 urte zituen, ezkertiarra zen, eta Errusiara joan nahi zuen basetxe komun batera laguntzera, baina aitak ez zion utzi. Londresen ikasi, eta 21-22 urterekin Geografia Elkartean hasi zen lanean. Konprometituta zegoen diplomazialari ingeles gazte batekin, eta beti zioen: «Bere familiaren zilarrezko mahai tresnak biltzen ikusi nuenean, neure buruari esan nion hura ez zela niretzat». Kanadara joan zen osabarekin.

Nolatan sortu zitzaion euskal marinelen inguruko interesa?

Montrealgo [Kanada] unibertsitate batean liburuzain hasi zen lanean, eta hango Artxibo Artikoen Institutuan kontratatu zuten gero, frantsesez, ingelesez eta errusieraz hitz egiten zuelako. Han ezagutu zuen aita: arkitektura master bat egitera joan zen, eta Euskadi maite zuen. Andaluziara [Espainiara] joatekoa zen lagun batekin gradu amaierako lana egiteko, baina istripua izan, eta Alegiako [Gipuzkoa] apaiz nazionalista batek eman zien aterpe, Don Piok. Aitak euskal basetxeez egin zuen lana azkenean. Amarekin ezkondu zenean, hara itzuli ziren, 1956an. Don Piok aipatu zien Kanadan bazegoela euskal arrantzaren tradizioa.

Elkarrizketa irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

Erlazionatuak

Historialari eta ikertzaile handia joan da

Iñigo Gaiton Glez. de Txabarri 2020 mai 06 Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide