"Errefuxiatuak hartzeko gogoa eta aukera dutenek egin dezatela aurrera, premia ikaragarria baita"

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 11a, 11:00

Julia Zhushman, Orioko jenero bilketa egiten ari diren biltegian.

Julia Zhushman Txernobilgo haur bezala hartu zuen herriko familia batek 13 urte zituela, eta ordutik, odol berekoak dira. Gerratik ihesean, Zhushmanen senideak aste hasieran ailegatu ziren Euskal Herrira, baina anaiak Ukrainan geratu behar izan du. 

Zer moduz bilatu zenituen senideak ailegatu berritan?
Bost eguneko bidaia egin zuten Ukrainatik Euskal Herriraino. Autoz etorri ziren, zortea izan dute. Nire koinata heroi bat iruditzen zait, bera bakarrik aritu baitzen txofertzan.

Nola lortu dute Ukrainatik alde egitea?
Egoera belzten ari zela ikusita, gerra hasi baino lehentxeago Ukrainako ekialdeko mugara hurreratu ziren. Dokumentuak eskura laga zituzten egun batzuk lehenago, eta autoa irteteko prest. Aurreikusten zen hau guztia gerta zitekeela, eta esan bezala, zortea izan dute, azkar ibili zirelako. Hungariara zeharkatu zuten muga, eta handik honaino etorri dira. Zorionez, gauetan-eta jendeak ostatu eman die etxeetan. Gogorra izan da bidaia, baina zorionez, hemen daude orain. Nire anaiak, ordea, han geratu behar izan du.

Zer moduz dago? Zer kontatzen dizu?
Lagun batzuen etxean hartu dute, haiekin batera dago. Ukrainako jendea inoiz baino gehiago batu da; halako gerra baten aurrean, jendeak elkarri laguntzeko jarrera hartu du, eta ukrainarren arteko elkartasuna ezin da hitzekin azaldu. Anaia ere horretan ari da, ahalik eta laguntza humanitario gehien ematen.

Orion martxan dagoen jenero bilketa gertutik jarraitzeko aukera izan duzu.
Bai. Herriko jendeari esker sortu den ekimena da hau, ahoz aho zabaldu da herrian. Harrituta nago sortu den elkartasun giroarekin,  eta hau guztia ikusteak emozioz negar egiteko gogoa ematen dit. Ez dut hitzik. Oriotarrak beti portatu dira zoragarri nirekin, eta orain mugimendu hau ikustea ikaragarria da. 13 urterekin hartu ninduen aurrenekoz herriko familia batek, eta ordutik senideak gara, harreman estua mantentzen dugu.

Nola bidaliko da jeneroa Ukrainara? Nora?
Kamioi bat lortu dugu dagoeneko, eta hemendik Errumaniara bidaliko dugu bildutako guztia. Nire anaiarekin ari gara guztia koordinatzen. Ondoren, Errumaniatik Kiev, Kharkiv eta inguruetara eramango dute, oraindik iristea posible den tokietara. Handik, gerraren ondorioz ailegatzea zailagoa den lekuetara bidaltzea da asmoa, behar handiena duen jendeari emateko.

Errefuxiatu uholdea sortu du gerrak.
Entzun dut Txernobilgo haurrak ekartzeko urtero egiten den eskaera kopurua bikoiztu egin dela dagoeneko. Iheslari asko etorriko da Euskal Herrira. Baten batek etxean errefuxiatuak hartzeko gogoa eta aukera baditu, egin dezala aurrera, premia ikaragarria delako. Haurrei laguntzea iruditzen zait garrantzitsuena, asko umezurtz geratu direlako. Ume horiek jakin behar dute munduan badagoela jendea haiek zaintzeko prest, eta izango dutela aukera aurrera egiteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide