Herritarrek ekarpenak egin dizkiote sortze bidean den Orioko Berdintasun Planari

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 3a, 11:46

Kalakako dinamizatzaileak eta herritarrak, astearteko bileran. Argazkia: Iñigo Gaiton.

Plana lantzen ari diren ordezkariak gustura agertu dira astearteko bilera irekian bildutako ekarpenekin. Besteak beste, herritarrek azpimarratu zuten zaintza eta kirol arloetan lan handia dagoela egiteko, eta udalak Berdintasun teknikari bat behar duela. Martxoaren 29an aurkeztuko dute jendaurrean Orioko Berdintasun Plana.

Iazko azaroan, Emakume eta gizonen berdinatsunerako II. diagnostikoa aurkeztu zuen Orioko Udalak jendaurrean, parekidetasun arloan herrian egon daitezkeen beharrak identifikatzeko helburuarekin.  Premia horiei erantzun asmoz, Berdintasun Planaren lanketarekin ari dira orain buru-belarri. Aizpea Esnaola Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolako arduradunaren esanetan, "asmoa da 2022 eta 2025 urteen artean gauzatzeko moduko plan bat egitea, ahalik eta modu kolektiboenean".

Xede horrekin, herritarrei hitz eman zieten asteartean, horretarako antolatutako bilera irekian. Kalaka kooperatibako langileek dinamizatu zuten hitzordua. Haiek egin zuten iazko diagnosia, eta planaren idazketaz ere haiek arduratuko dira.

Herritarren ekarpenak
Esnaolaren hitzetan, herritar bat baino gehiagok azpimarratu zuen udalean Berdintasun teknikari baten beharra dagoela. "Teknikari bat egongo balitz, errazagoa litzateke halako plan bateko ekintzak aurrera eramatea", adierazi du. Ahalduntze Eskolak eta Gizarte Zerbitzuek dute orain egitasmo desberdinen gidaritza lan horren ardura.

Zaintzaren gaiak ere tarte zabala hartu zuen bileran. "Emakumeok denbora asko eskaintzen dugu besteen zaintza lanetarako, eta Berdintasun Planeko ekintzek lagundu behar dute gai horretan eragiten eta gauzak aldarazten", eman du jakitera.

Bestalde, kirolaren esparruan "egiteko asko" dagoela aipatu zuten hezkuntza arloan lan egiten duten zenbait herritarrek. "Ikusi dutenez, kanpotik datozen mutilak kirolaren bidez errazago integratzen dira, eta euskara ikasten ere laguntzen die taldean aritzeak. Nerabezarotik aurrera batez ere, neskek laga egiten dute kirola, eta bada planak kontuan hartu behar duen zerbait. Arlo berean, ikusi da emakumeok ordainpeko kirol gehiago egiten dugula. Gizonek joera handiagoa dute talde eta lagunarteko jardueretarako".

Bukatzeko, hirigintza eta ostalaritzari lotuta, herrian gune seguruak sortzearen garrantzia izan zuten ahotan: "Herriko puntu ilunak argiztatzea izan liteke beharrezko neurri bat. Bestalde, tabernetako jabe eta langileekin ere egin beharko genuke lanketa bat, eraso matxistak tabernetan eta gau giroan gertatzen direlako askotan".

Aurkezpena hil amaieran
Esnaolak aurreratu duenez, martxoaren 29an aurkeztuko dute Berdintasun Plana jendaurrean. Itxaropentsu agertu da: "Badirudi borondate politiko eta sozialik ez dela falta, eta ea hurrengo urteetan planeko ekintza guztiak gauzatzeko gai garen". 

 
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide