"Euskarak denbora eta jarraikortasuna eskatzen ditu"

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 2a, 16:11

Umeak hazita, euskarari behar duen denbora eskaintzeko modua ikusi du aurten Alicia Figueroak, eta ez du zalantzarik egin. Denak animatu nahi lituzke gauza bera egitera.

Alicia Figueroak (Tacoronte, Tenerife, Kanaria Uharteak, 1971) 23 urterekin utzi zuen jaioterria, Euskal Herrira etortzeko. Saskibaloiak ekarri zuen hona. Jokalari profesionala zen, eta Donostian sortu zitzaion aukera. Ia hiru hamarkada geroago, hemen jarraitzen du oraindik; Orion bizitzen, dozena bat urte. Euskara ikasteko beharra "betidanik" sentitu izan duen arren, oraintsu arte ezinezkoa egin zaio familia, lana eta euskara ikasketak uztartzea. Aurten, ordea, modua ikusi du, eta euskaltegian izena eman du.

Lehendabiziko ikasturtea duzu  euskaltegian. Gustura al zabiltza?
Zoriontsu joaten naiz eskoletara.

Astean zenbat ordu eskaintzen dizkiozu euskara ikasteari?
Astean lautan joaten naiz euskaltegira, astelehenetik ostegunera, egunean bi orduz. Horretaz aparte, etxerako lanak ere bidaltzen dizkigute batzuetan.

Zergatik aurten?
Seme-alabek 18, 16 eta 10 urte beteta, neuretzat denbora gehiago daukat orain, eta erabaki dut denbora hori euskara ikasten erabiltzea.

Aurrez euskaltegian ibilitakoa al zara?
Duela urte mordo bat, lehendabiziko semea izan nuenean, Errenterian egin nuen lehen saiakera. Baina bigarren semea izan nuen gero, eta utzi egin behar izan nuen, denborarik ez neukalako. Alaba izan nuenean ere egin nuen beste saiakera bat, baina euskaltegira joateko beti norbaitekin laga behar izaten nuen, eta azkenean utzi egin nuen. Euskarak denbora eta jarraikortasuna eskatzen ditu, eta ume txikiekin zaila da hori.

Zer egiten zaizu zailena?
Aditzak, aditzen denborak; denak buruan sartzea.

Eta zer gustatzen zaizu gehien?
Hitzen semantika, esanahia, oso polita da.

Urteotan batere aldatu al da euskara irakasteko modua?
Dezente, esango nuke. Lehen, eskolak teorikoagoak ziren eta joera handiago zegoen bakarka lan egiteko; orain, praktikoagoak dira, interaktiboagoak, eta jolasa asko erabiltzen dugu.

Zer moduz ikusten duzu zeure burua?
Nahiko ondo; pixka bat gehiago jakitea falta zait, mintzapraktika gehixeago, askatzeko. Hanka sartzeari beldurra galtzen ere ari naiz, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Gainera, etxekoek ere laguntzen didate: lehen, euskaraz ez nekiela eta ez saiatzeko esaten zidaten seme-alabek; orain, egitera bultzatzen naute.

Zer esango zenioke euskaltegian izena eman edo ez zalantzan dabilen horri?
Animatzeko, euskara ikastea dibertigarria dela. Ez dezala hartu zama bat bezala, hobeto gizarteratzeko aukera bat bezala baizik. Niretzat terapeutikoa ere bada euskaltegira joatea; bi orduz errutinatik deskonektatzen dut.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide