Udalak aho batez onartu ditu TAO sistema berria kudeatzeko esleipenaren baldintzak

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 2a, 09:04

TAO sistema kudeatzeko ardura kanpoko enpresa batek izango du uda honetatik aurrera, eta herriko udaltzainek ez dute horretan jardungo. Gehienez, lau urtekoa izango da lehiaketa publiko bidez egingo den kontratuaren iraupena.

Orioko udal ordezkariek ohiko bilkura egin zuten lehengo ostegun arratsaldean. Landutako puntuen artean, onarpena eman zitzaion aho batez TAO sistema berria kudeatzeko esleipenaren baldintzei.

Udalbatzarrean emandako informazioaren arabera, lehiaketa publikoa irabazten duen enpresari bi urteko kontratua egingo zaio, eta banaka, beste bi urte luzatzeko aukera izango dute. "Modu horretan, lehen bi urteen ondoren aukera izango dugu ondorio batzuk atera eta sistema berriaren indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko", gaineratu zuen Ainara Munduate Hirigintza batzordeburuak.

Orain arte, Orion udan bakarrik egon izan da indarrean TAO zerbitzua. Aldaketak sor ditzakeen nahasmenak ekiditeko, aurten ere ekainaren 1ean jarriko dute martxan, eta, segidan, urte osoan egongo da indarrean, hori baita TAO sistema berriaren berritasunetako bat.

Horrekin batera, herritarrei urtero banatzen zaien pegatinak urte osorako balioko du, eta desagertu egingo da erloju-sistema bidezko funtzionamendua iraupen laburreko aparkalekuetan. "Eremu horietan TAO makinak egongo dira. Lehen 30 minutuetan doan aparkatu ahal izango da, eta hortik aurrera, tiketa atera beharko da", zehaztu zuen Munduatek.

Bere hitzetan, sistema berriak ez du eragin handiegirik izango herritarren martxan, eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan zuen: "Orain arte bezala, behar diren azalpen guztiak emango ditugu. Ari gara ekintza batzuk prestatzen, informazio hori ahalik eta argien komunikatzeko helburuarekin". 

TAO sistema berriak onura bat baino gehiago ekar ditzake herriarentzat, Munduateren iritziz: TAOaren kontrol lanak kenduta, udaltzainek denbora gehiago izango dute zaintza eta herritarren arretarako. Bestalde, "herrira etortzen diren bisitarien kontribuzioa" handiagoa izatea aurreikusten dute, "Orioko baliabide eta zerbitzuak" hobetzen joateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide