"Sahararen aldeko festa eta aldarrikapen giroa sortu nahi ditugu plazan larunbatean"

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 24a, 09:44

Herrian bizi diren sahararrek hango janari eta edariak eskainiko dituzte larunbat eguerditik aurrera, Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutela 47 urte beteko direla ospatzeko. Udaletxean ikurrina eta Saharako bandera eskegiko dira 12:00etan.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutela 47 urte beteko dira igande honetan. Sahararrentzat egun berezia izaten da, eta ospatzeko asmoz, festa antolatu dute Herriko Plazan larunbaterako. Aurreko urtetan bezala, Udalak ere bat egin du sahararren aldarriarekin, eta eguerdiko hamabietan ikurrina eta Saharako bandera jarriko dituzte zintzilik udaletxeko balkoitik.

Ondoren, herrian bizi diren zenbait sahararrek festa egingo dute plazako kioskoan. Hango haima tradizional bat jarriko dute, eta hango janari tradizionalak eskainiko dizkiete herritarrei: kuskusa eta tea. Jan-edanez gain, Saharako musika jarriko dute plaza girotzeko, eta hennarekin margotzeko aukera ere izango da.

Laguntza errefuxiatuei
Lamat Ali, Fatima Sid Ahmed eta Lefnun Abd Alaziz sahararrek larunbateko ospakizuna antolatzen dihardute. Azaldu dutenez, kuskus pintxoak bi euroko prezioa izango du, eta errazioak bostekoa. "Otsailaren 27a festa eguna izan ohi da guretzat, eta gogoa dugu behar bezala ospatzeko. Horrez gain, Saharako kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuentzat dirua biltzeko ere baliatu nahi dugu festa, eta horregatik salduko dugu janaria".

Marokoren eta Sahararen arteko gatazkak indarrean jarraitzen duela nabarmendu dute, eta kanpamentuetako familien egoera oso zaila dela. "Gu hemen bizi arren, han senitartekoak eta lagunak ditugu, eta egunero jasotzen ditugu hango berriak. Maroko ezkutatzen saiatzen den arren, gerraren ondorioz hiruzpalau saharar hiltzen dira egunero".

Larunbatean bildutako dirua hango familiei bidaliko diete, "batez ere seme-alaba txikiak" dituztenei. Oinarrizko produktuak erosteko baliatzen dute han dirua: ogia, botikak, higienerako produktuak eta abar.

Haientzako dirua biltzea bezain garrantzitsua da herritarrei Saharako egoeraren berri ematea, hango arazoen kontzientzia pizteko. "Herriko plazara hurreratzeko deia egin nahi diegu oriotarrei, gurekin ondo pasatu eta sahararron bizimodua ho- beto ezagutu dezaten». Sahararren komunitatea osatzen duten norbanakoek elkartasun handia dute beren artean: «Asko laguntzen diogu elkarri, eta egia esan, bertako jendeak babes handia erakutsi izan digu".

Herriko azken janari bilketan 1.500 kilo produktu bil- du dituzte, eta esker oneko hitzak izan dituzte herritarrentzat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide