"Herrien arteko liskarrek betidanik sortu dute saltsa, eta horietatik abiatuko dut gaurko hitzaldia"

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 23a, 10:06

Xabier Alberdi historialari zarauztarra ondo ezaguna da herrian, Orioren ondareari buruzko bisita gidatu eta hitzaldi bat baino gehiago egindakoa baita. Gaur arratsaldean, berak emango dio hasiera Errioa, gure nortasuna hitzaldi zikloari Arraunetxen, 19:00etatik aurrera, Oriotarrak itsasoan barrena XVI. mendean mintzaldiarekin. Donostiako Itsas Museoko zuzendari eta Albaolako ikerketa saileko arduradunarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Zer gai jorratuko duzu gaurko mintzaldian?
Herritar guztiek ulertzeko moduko saio bat prestatzeko eskatu zidan udalak, modu dibulgatibo eta ulerterrazean emateko modukoa. Herri guztietan daude istorio eta bitxikeri politak, eta denoi gustatzen zaigu horiek entzutea. Horietako zenbaitetan oinarrituz, Oriok izandako gatazka batzuei buruz arituko naiz hizketan. Herrien arteko liskarrek beti sortu izan dute saltsa, eta horietako pasarte batzuen bidez azalduko dut Oriok historian izan duen bilakaeraren zati bat.

Zer gatazka diren aurreratzerik bai?
Orioren itsas bilakaeran funtsezkoak diren hiruzpalau pasarte edo gatazka ekarriko ditut gogora. Gisa honetako galderak botako ditut airera, horien inguruan hitz egiten jarraitzeko: Zergatik da errioa oriotarrena, eta ez aiarrena? XVI.mendeko ohitura, interes eta harremantzeko moduen inguruan hitz egiteko baliatuko ditut gatazkak, abia- puntu modura.

Zergatik XVI. mendea?
Antolatzaileek egindako eskaera izan da. Dena den, zabal-zabal jorratuko dut mende hori, margenarekin; lehenago hasiko naiz, eta geroago bukatuko dut. Erreferentzia bat da.

Orioren bilakaera historikoari erreparatuta, zer nabarmendu daiteke XVI. mendeaz?
Udalaren egitura sendotzea lortu zuen Oriok mende horretan. Erakundetze prozesuarekin ‘batera, udalerriaren mugak eta lurrak zein ziren ere orduan zehaztu zen, baita muga horien barruan herriak zituen eskubideak zein ziren argitu ere. Hau da, ondorengo urteetan eta mendeetan izandako bilakaeran funtsezkoak izan ziren oinarri geopolitiko garrantzitsuak ezarri zituen XVI. mendean Oriok.

Errioa, gure nortasuna hitzaldi sorta zuk abiatuko duzu. Duela hilabete batzuk, izen bera duen liburuxkan parte hartu zenuen. Egungo munduari eta etorkizunari erreparatuz, zertarako balio behar die itsas ondareak oriotarrei?
Etorkizun sendo bat eraikitzeko balio behar du. Historia ezagutzeak, nondik gatozen jakiteak, indarra ema- ten dio herri bati, sendotasuna. Herri bakoitzaren bereizgarria da bere historia, eta Oriorena lotuta dago errioari. Mendez mende, oriotarrak erakutsi dute trebeak izan direla errioari eta itsasoari lotutako ofizioetan, eta garai beltzenetan ere lortu dute berrasmatzea eta aurrera egitea. Bada, historia gertutik ezagutzeak inspirazio bezala ere balio behar du: garai bateko oriotarrek jakin zuten zailtasunei aurre egiten, eta oraingoek ere asmatuko dute herriarentzat etorkizun oparo bat eraikitzen

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide