Herrian galdezka

Zer iritzi duzu arrantzaleen ofizioaren inguruan?

Karkara 2022ko ots. 22a, 11:55

Herriko baporeak laster aterako dira berdeletara. KARKARA aldizkariaren 436. zenbakian arrantzari lotutako galdera bat egin genien Gari Goñi, Miriam Garcia eta Antxon Manzisidorri, eta erantzun hauek eman zituzten.



Antxon Manzisidor

"Arrantza ofizio tradizionala da hemen, eta pena ematen dit galtzen ikusteak, borrokatu behar litzateke mantentzeko. Duela urtebete Seychelle uharteetako atunontzi batera joateko aukera suertatu zitzaidan, eta ia-ia joan egin nintzen. Itsasora joan edo hemen tabernan lan egitearen artean egin behar izan nuen hautua, eta bikotekidearekin adostu ondoren, lehorrean geratu naiz. Taberna ere oso lotua da, baina egunero izaten da etxekoekin egoteko aukera. Itsasoak oso gogorra behar du alde horretatik. Dena den, gustura probatuko nuke. Gure aita arrantzalea izan zen hamalau urtez, eta hortik etorriko zait afizioa ziurrenik. Orain osabak motor txiki bat ekarri du, eta harekin arrantzan ibilita baretzen dut arrantzarako grina".

Miriam Garcia

"Guk ezagutu dugun arrantza, baxurakoa, krisian dagoen ofizioa da Orion. Ikusi besterik ez dago bapore kopurua nola jaitsi den hamarkadaz hamarkada. Egia esan, estanpa ederra izaten zen trenean herrira iritsi eta zubitik ikusten zena, bapore guztiak moilan lotuta. Hala ere, oso sektore tradizionala eta maskulinizatua da arrantzarena, ez dago hori ukatzerik. Itsasoan gizonak izan dira protagonista, baina emakumeek lehorrean (etxean, zaintzan) egindako lanak ez du oihartzunik izan. Saregileak ere hor daude, gogor egin behar izan dute borroka lana modu ofizialean eta baldintza duinetan egin ahal izateko. Beti esaten dugu itsasora joatea lan gogorra dela, eta egia da hori, baina ez pentsa lehorrean geratzea arrosa kolorekoa denik!".

Gari Goñi

"Azken hamarkadetan pisua galtzen joan den ofizioa da arrantza, eta gure belaunaldiko gazteen artean ia ez da arrantzalerik. Oraingo gazteoi egina eman digute dena, lehen askok ez baitzuen itsasora joan beste aukerarik. Aita itsasoan ibili zen arrantzale modura, eta hark betidanik esan izan dit ahal bada lehorrean bilatzeko ofizioa. Horregatik, ingeniaritza elektronikoa ikasten ari naiz unibertsitatean. Lehorreko ofizio gehienetan etxean egoteko aukera izaten da egunero, eta arrantzak hori du txarra; kanpoan zaudenean, han zaude, urruti, itsasoaren erdian. Arrantzaleak joan-etorrian ibiltzen dira, eta bizimodu horrekin zaila ikusten dut oreka bat bilatzea. Bi bizitza dituztela iruditzen zait: bat itsasokoa, eta bestea lehorrekoa".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide