"Itsasoan ibiltzeak barru-barrutik aldatzen zaitu"

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 23a, 16:44

Imanol Azpiroz eta Aitor Urrutia lehengusuek lau hilabeteka antolatua dute bizimodua. Denbora tarte bera egiten dute itsasoan eta lehorrean, Indiako ozeanoko atunontzi handietan eta etxean. Umetatik sentitutako bokazioak eraman ditu arrantzara, eta halaxe jarraitu nahi dute luzaroan.

Astelehen, ostiral edo igande, lanegunen eta jaiegunen pertzepzio propioa dute Aitor Urrutiak eta Imanol Azpirozek. Seychelle uharteetara hegan eginda, atunontzi handietan jarduten dute arrantzan hilabete luzez, eta trukean, itsasoan pasatako denbora bera egiten dute etxean, oporretan. Indiako ozeanoa eta etxea, itsasoa eta lurra, txuria eta beltza. Bi muturren arteko joan-etorrian, arrantzale gazteek oreka bilatu dutela ematen du.
Azken bi hamarkadetan, herriko gazte gutxik egin du itsasorako hautua. Ez da zuen kasua.
A.U.: Niri txikitatik tira izan didate arrantzak, itsasoak, moilako giroak... Bapore batean lan egitea gustatuko litzaidakeela esan izan diot amari aspalditik, umetatik datorkit bokazioa. Gaztetxoa nintzela, Getariako portuan ere lan egin nuen arraina mugitzen, eta lehorretik itsasorako jauzia emateko gogoa areagotu zitzaidan han, bestaldean zegoena probatzekoa. Imanolen aita osaba dut, eta hura atunontziko patroia izateak ere izan du eragina.
I.A.: Aita eta aitona patroiak izanik, arrantza mundua ezagutzeko harra barruan izan dut nik ere. Itsasoko kontuak entzuten nizkien haiei, eta joateko irrika pizten zitzaidan, entzuten nuen hura guztia nire begiekin ikustekoa. Gero, duela urte gutxi, gertutik jarraitu nuen aita patroi den atunontzia egiteko prozesua, eta inpresio handia eragin zidan bapore handia nola egiten zuten ikusteak. Ikaragarria izan zen. Horrek ere bultzatu ninduen itsasora.
Ikasketarik ba al duzue?
I.A.: Bai. Mekatronika modulua egin nuen Zarautzen, baina nire burua bizitza osoan tailer batean ikusteak ez ninduen konbentzitu. Hala, itsas garraiorako eta alturako arrantzako patroi izateko ikasketak egin nituen Pasaiako itsas eskolan.
A.U.: Nik ez, DBHko ziurtagiria eta arrantzale izateko titulua bakarrik.
Etxean nola hartu zuten itsasora joateko erabakia?
A.U.: Amak animatu egin ninduen, probatzeko esan zidan. Osaba patroia izanik, haren baporeanlanerako aukera suertatu zitzaidan, eta lau hilabeteko konpromisoa hartu nuen. Gustatzen ez bazitzaidan, gehiago ez joateko aukera eskura neukan. Ez da hala izan, eta sei urte pasatu dira orduz geroztik.
Nolakoa izan zen lehen aldi hura?
A.U.: Oso gogorra. Aurreneko astean ikaragarri sufritu nuen, hura negar egin beharra! Gure tripulazioa lankide afrikarrek, indonesiarrek eta galiziarrek osatzen dute, eta giroa oso arrotza egin zitzaidan hasieran, tokiz kanpo ibili nintzen. Gainera, normala den bezala, ez dakizu lanean oraindik, eta galduta ibili nintzen, nire zereginak zein ziren asmatu ezinik. Bestalde, osaba baporean zegoen, baina bi mundu desberdin dira zubia eta kubierta. Hark nahikoa lan bazuen bere zereginekin. Dena den, portuko lehen egunak egin zitzaizkidan gogorrenak. Hemendik Seychelle uharteetara hegan egiten dugu, eta hango portu batean itsasoratzen gara. Bada, moilako giroa nahiko gogorra da, eta hasieran kikilduta egon nintzen. Bertako jendea ibiltzen da portuko zereginetan laguntzen, eta baldintza oso txarretan bizi dira. Haietako asko drogara kateatuta daude, eta inpresio handia eragin zidan hura guztia bertatik bertara ikusteak. Hemengoarekin konparatuz gero, hura beste mundu bat da.
Eta zurea, Imanol?
I.A.: Hasiera samurragoa izan nuela esango nuke, baina Aitor bezala, galduta ibili nintzen. Baporean tripulazioko kide bakoitzak bere zereginak ditu, eta dinamikan sartzea kosta egiten da. Nik egonaldi bakarra egin dut han, duela sei hilabete hasi nintzen atunontzian lanean. Hasiberria naiz. Aitor eta aita, biak zeuden baporean lehen momentutik, eta bi erreferentzia izateak asko lasaitu ninduen. Dena den, hegazkinetik jaitsi eta portura bidean gindoazela oso urduri egon nintzen, tripak lehertu beharrean. Askotan jartzen nuen nire burua egoera horretan, sarritan egin izan nuen bisualizazio ariketa hori nire baitan, baina momentua iritsi zenean... Han zoaz, itsasora, eta ez dago atzera bueltarik. Itsasoratzeko unea oso ederra izan zela ere aitortu behar dut. Portutik ateratzen ari ginela, itsasoa zoragarri ikusten zen, oso polita. Horrek guztiak harrapatu egiten zaitu, indar handia du.
Zer lanetan jarduten duzue atunontzian?
I.A: Zubian ibili naiz ni lehen egunetik. Zubiko langileen artean, hiru maila daude: patroia da kargu handiena duena, gero kapitaina dago, eta ofiziala ondoren. Nik ikasle modura egin nuen aurreneko kanpaina, eta orain ofizial modura jardungo dut beste bapore batean. Aitor eta aita ez ditut ondoan izango aurrerantzean.
A.U.: Gure enpresa Bermeokoa da, eta armadoreak hainbat atunontzi ditu. Horietako beste batera doa Imanol.
I.A.: Ardurei dagokionez, zubian erabakitzen, egiten eta gertatzen den guztia idazten joatea da ofizialaren lana, patroiaren bulegari moduko bat naiz.
A.U.: Nire kasuan, arrantzale lanetan hasi nintzen, eta orain panga maneiatzeko ardura dut. Sarea bota eta jasotzeko maniobra egiten denean, atunontzi barruan gordetzen dugun beste ontzi bat ere botatzen da itsasora, prozesu osoa behar bezala egin ahal izateko. Hamabi bat metrokoa izango da ontzia, eta sarearen mutur bati tira egiten dio. Atunontziari ere laguntzen dio biratzen, atoian. Bada, maniobra horietan guztietan ni ibiltzen naiz ontzi horren gidari lanetan..
Aita ondoan izan zenuen lehen esperientzia horretan Imanol, eta zuk osaba. Zer eragin izan zuen bere presentziak zuengan?
I.A.: Asko ikasi dut berarekin, eta hasieratik gauzak egiten eta ukitzen utzi zidan zubian. Dena den, aita beti da aita; ez zen ni kontrolatzen ibiltzen, baina nire inpresioa zen gainean nuela beti. Semea izanik, normala zen nik sentsazio hori izatea.
A.U.: Niri ere antzeko zerbait gertatzen zait berarekin. Hemen gaudenean, nire osaba da. Han, ordea, patroi modura ikusten dut, eta berarekin ahalik eta gutxien hitz egiten saiatzen naiz. Zorionez, lanean gaizki egiten ditudan gauzak zuzentzen dizkit, eta ikasten joateko aukera ematen dit.
Patroiaren figurak zer suposatzen du tripulazioko
gainontzeko lagunentzat?
A.U.: Hark agintzen du, eta kito. Berea da azken hitza baporean hartzen diren erabaki guztietan. Berak erabakitzen du nora jo behar den arraina harrapatzera, sondak markatzen duena eta urteetan pilatutako esperientzian oinarrituz.
Sena beharko du patroiak.
A.U.: Bai, eta erabakiak hartzen ere jakin behar du. Eguraldia eta itsasoko baldintzak interpretatzea ez da erraza izaten, eta hori da bere lana, erabaki onenak hartzen saiatzea. Presiopean lan egiten du, erabaki txar batek pikutara bidal baitezake arrantza. Maniobra desegoki bat eginez gero, adibidez, sarea hautsi egin daiteke, eta egunak behar izaten dira porturatu eta hura konpontzeko.
I.A.: Atunontzi baten zubia oso handia da, eta kontrol gelak apartamentu baten tamaina du. Kapitainaren kamaina, logela, hantxe dago, eta berak han bueltaka pasatzen du denbora gehiena, ia deskonektatu gabe. Ardura handiko lana da.
Arrainik harrapatzen ez den egunetan, presiorik antzematen al da zubian?
I.A.: Giroa aldatzen da, normala den bezala. Arrantzalea itsasoan arraina harrapatzeko dago, irabazten den dirua horren araberakoa delako hein handi batean. Egun bat harrapatu gabe egonez gero ez da ezer gertatzen, baina hiruzpalau egunez arrainik usaindu gabe ibiliz gero, presio pixka bat sortzen da, bai.
A.U.: Hala ere, presioa sentitze hori zubikoen inpresioa izan daiteke. Arrantzaleok eta tripulazioko kide guztiok konfiantza itsu-itsua dugu patroiarengan eta hark egiten duen lanarengan. Sarea botatzen ez den egunetan ere, badakigu zubian etengabe jarduten dutela lanean, eta alde horretatik, ondo ulertzen dugu elkar. Batzuetan, arrantza zorte kontua ere izan daiteke.
Zenbat denborako tarteak egiten dituzue itsasoan?
A.U.: Gehienez, hilabete-edo egingo dugu lurrik ikusi gabe. Kamarak betetakoan sartzen gara portura, edo aberiaren bat suertatzen bada. Hainbeste egunetan lurrik ez ikusteak inpresioa egin behar du.
A.U.: Errespetua ematen du, baina oso ederra da aldi berean. Egunsenti eta ilunabar ikaragarriez gozatzeko aukera izaten da han kanpoan zaudela. Izurdeak eta mota guztietako arrainak ikusten dituzu inguruan.
Zer luzera du zuen baporeak?
I.A.: 90 metro, gutxi gorabehera. Oso handia da. Tripulazioa 42 lagunek osatzen dugu.
Tripulazioko kideen zereginak nola daude banatuta?
A.U.: Indonesiarrak atuna garbitzen eta izozten ibiltzen dira. Abilidade ikaragarria dute arraina garbitzen, oso onak dira, oso txukunak. Baporeak gela edo soto moduko departamentu handi batzuk ditu, eta indonesiarrek han jarduten dute lanean. Lankide afrikarrak, berriz, prismatiko erraldoietan egoten dira beti, itsasoari begira-begira jarrita. Sarea ere haiek josten dute. Uretan egon litezkeen enborrak edo hondakin handiak bilatzen dituzte, frigorifikoak eta halakoak, haiek urpean egiten duten itzalaren babesera hurreratzen delako arraina. Afrikar batek min hartu zuela-eta, hilabete egin nuen prismatikoekin, eta ez nuen lortu ezer ikustea. Oso lan gogorra da, begiak erre egiten direlako. Arrantzan jarduten dugunak euskaldunak eta espainiarrak gara, baita zubian dabiltzanak ere.
Zer nolako giroa duzue guztion artean?
A.U.: Oso-oso ona, eta urrea balio du. Gaizki konpontzen diren tripulazioak ikusi izan ditut portuetan, eta ez nuke halako baten parte izan nahi. Denbora asko egiten dugu elkarrekin ontzitik atera gabe, eta elkarbizitza ahalik eta onena izan dadin saiatzen gara guztiok.
Nolakoa da baporeko eguneroko bizitza?
A.U.: Eguzkia ateratzen denetik ilundu arte aritzen gara lanean, gutxi gorabehera; goizeko seietatik arratsaldeko seietara. Gero, txandakatuz, bi orduko guardiak izaten ditugu. Lanari dagokionez, goizeko lehen orduan sarea botatzen da normalean. Bi edo hiru orduko kontua izaten da. Hori egin ezean, kubiertan ibiltzen gara itsasontziaren mantenu lanak egiten. Beti dago zerbait: sareak konpondu, kableak aldatu, pintatu...
I.U.: Nirea antzeko ordutegia da, baina itsasoan gaudenean gauero-gauero izaten dut guardia zubian, gauerditik patroia esnatzen denera arte. Ordubiak edo lauak izan daitezke... Ordu horietako loa bazkalostean errekuperatzen dut. Denera, gauean hiru lagun egoten gara guardian: zubian bat, bestea makinetan eta hirugarrena kubiertan.
Etxetik kanpo hilabete asko egiten dituzuela kontuan izanik, konforme al zaudete jasotzen duzuen soldatarekin?
A.U.: Bai, gure lana ondo ordainduta dagoela iruditzen zait. Gure soldata baxurako arrantzaleek dutenaren tankerakoa izango da. Onerako edo txarrerako, urtea beste modu batera antolatua dugu, hori da haiekin dugun diferentzia.
I.A.: Niri iruditzen zait gure lana ez dagoela ikaragarri ondo ordainduta, baina ondo bai.
A.U.: Zulo handia dago postu batzuetatik bestera. Normala ere bada, goi karguetan dabiltzanen ardura ikaragarria delako. Ditugun baldintza guztiak kontuan izanik, etxean egiten dugun denbora eta abar, lan ona dugula deritzot.
I.A.: Nik ere bai.
Ofizioak zer eragin izan du zuen garapenean? Lagunek nola ikusten zaituztete kanpotik?
I.A.: Ederki bizi garela esaten digute kuadrillakoek, baina ez gaituzte han ikusten! Hemen beti libre egoten gara, oporretan, baina lau hilabete luze egiten dira kanpoan. Inguruko inork ez du hara joan nahi lanera, ez zaie hain ona irudituko.
A.U.: Han nola ibiltzen garen ikusiko balute, beste pertzepzio bat izango lukete. Etxekoren bat gaixotzen bada, ezin duzu ezer egin laguntzeko. Demagun aiton-amonaren bat hiltzen zaizula han zauden bitartean... Urruti egiten duzu urtearen zati handi bat, eta horrek bere zama du. Han zaudela, hemengo arazoengatik berdin-berdin sufritzen duzu, eta ezin duzu laguntzeko ezer egin.
Halakoetan, enpresa ondo portatzen dela aitortu behar dut, eta etxean ezbeharren bat izanez gero, ahalik eta azkarren hona bidaltzen saiatzen dira.
I.A.: Atzerrian eta itsasoan hilabeteak egiteak aldatu egiten zaitu. Barruan zerbait mugitzen dizu. Zer? Ez dakit, baina ez zara pertsona bera hura ezagutu eta gero. Denbora asko izaten duzu zure buruarekin egoteko, pentsatzeko, eta horrek aldatu egiten zaitu barrutik.
A.U.: Aurreneko aldian, mundua jaten nuela joan nintzen hara, gaztetasunak ematen duen indarrarekin. Ostia ederra hartu nuen iritsi bezain pronto. Txiki-txikia sentitu nintzen kolpetik.
Eta etorritakoan, kabitzen al zarete lehorrean? Ofizioak nola eragiten die inguruko jendearekin dituzuen harremanei?
A.U.: Nire joan-etorriak ospatzeko aitzakiarekin, parranda ederrak egiten dituzte kuadrillakoek! kar-kar-kar... Ongi etorriak edo despedidak, beti izaten da zerbait festarako. Bikotekideari dagokionez, urteak daramatzagu elkarrekin, eta oraingoz behintzat ondo eusten diogu orekari. Elkarrekin dugun bizitza proiektuarekin jarraitzen dugu, eta etxe bat erostea gustatuko litzaiguke. Zorionez, Internet garaiko arrantzaleak gara gu, eta horri esker egunero mezuren bat edo beste bidaltzen diogu elkarri. Dena den, harreman mota honetan gehiago sufritzen du hemen geratzen denak, edo hori iruditzen zait niri. Ni gustura joaten naiz hara, asko gustatzen zait ofizioa, zorte hori dut. Gozamen eta bokazio puntu hori ez balego, horrela ibiltzeak ez luke mereziko. Tripulazioko lagunek kontatzen didatenez, seme-alabak izandakoan asko aldatzen da gauza. Batzuek oso gaizki pasatzen dute. Gure ofizioan ibilita umeak ez dira hazten ikusten, haien hazkuntza prozesuko gauza asko galtzen omen dira itsasoan egonda. Uler dezaket.
I.A.: Lau hilabeteka antolatuta daude gure txandak. Azken hilabetea egiten da luzeena, bai hemen eta bai han. Hiru hilabete azkar pasatzen dira kanpoan, baina laugarrena... Etxera alde egiteko egunak kontatzen ibili nintzen azken asteetan. Hemen ere azken hilabetea arraroa da, burua hara joaten hasten delako. Negu aldean lagunek-eta haien errutina dute, eta zu hor zaude, oporretan, beste erritmo batean... Galderari erantzunez, oso gogorra da etxekoak eta lagunak hilabete luzez ez ikustea. Hori da lanaren alderdirik zailena.
Eta onena?
I.A.: Arrain asko harrapatzen den egunetan izaten den gozamena. Eta noski, etxera itzultzean sentitzen den poza.
Zenbat harrapatzen duzue hilabete batean?
I.A.: 900 tona atun harrapatuz gero, oso ona da hilabetea.
Zuen enpresako Alakrana ontzia piratek bahitu zuten 2009an. Orduz geroztik, segurtasun langileak dituzue ontzietan. Nola dago gaia gaur egun?
A.U.: Hiru zaintzaile ditugu baporean. Gehienak militar ohiak izaten dira, armekin ibiltzera ohituta dagoen jendea. Zorionez, itsasoan egindako sei urteotan ez dut piratarik ikusi, eta ez ditut begien bistan izan nahi.
Ba al duzue beldur hori?
I.A.: Nik ez.
A.U.: Sustorik izan ez duzulako. Itsasoan ginen batean, piratek ontzi bat erasotu zutela entzun genuen. Portura sartutakoan erasotutako ontzia ikusi genuen, eta albo batean kristoren zuloa zeukan baporeak, piratek botatako granada batek eraginda. Gure ontziko zaintzaileek baino armamentu gehiago dute piratek. Babes handiena atunontziaren tamainak ematen digu, piratak ontzi txikietan ibiltzen direlako. Eta segurtasun langileek ere babes handia ematen dute, noski. Broma gutxi horiekin.
Itsasoan ikusten al duzue zuen burua 20 urte barru?
A.U.: Bai. Esperientzia pilatzen joan eta egunen batean kontramaisu izatera iristeko ilusioa dut. Bera da kubiertako lanen arduraduna, eta asko jakin behar da postu horretan ondo lan egiteko. Orain asmatuko nuke bere lanak egiten, baina ustekabeak edo istripuak gerta litezke, eta horiei azkar eta ondo erantzuteko abilidadea behar da. Lasaitasuna ere bai.
I.A.: Kapitain modura lan egitea gustatuko litzaidake egunen batean, baina nire bene-benetako ametsa, patroi izatera iristea da. Oso zaila izango da, baina gogor saiatuko naiz horretan.
Bukatzeko, kontatu ahaztuko ez duzuen momentu bat.
I.A.: Bost egunez arrantzarik egin gabe egon ginen behin. Itsasontziko giroa nahiko triste zegoen, eta kolpetik, berrehun tona harrapatu genituen. Ikaragarria izan zen. Portura joan ginen harrapatutako guztia hustu eta berriro itsasora ateratzeko asmoarekin, baina ez ziguten laga, kupoa bete egin genuelako. Hura ere kolpe handia izan zen.
A.U: Nire 'bataioa' ez dut ahaztuko. Gure kontramaisua oso saltseroa da, eta aukera duenean ez du txantxetarako aukerarik galtzen. Apaiz baten itxurarekin mozorrotu zen, eta komuneko eskuila berri bat hartu zuen eskuan, ni bataiatzeko. Salmuerako ura bota zidan gainetik, ikaragarri hotza egoten den kirasdun ura... kar-kar-kar... Atuna harrapatu genuen lehen aldia ere buruan iltzatuta dut. Hura ikuskizuna!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide