Orioko Udaleko Euskara Batzordea hilabeteak daramatza herriko eragileekin elkarlanean datozen hamar urteetarako euskara plana lantzen. Horretarako, lantaldeak osatu zituzten eta gogoeta prozesu zabal bat egin. Horri bukaera emateko, azken bilera egingo dute datorren asteartean, otsailak 22, kultur etxean, 18:30ean hasita.
Gogoeta prozesu horren barruan lau lantalde osatu zituen Euskara Batzordeak, estrategikoak iruditzen zitzaizkion alor hauetan: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Talde bakoitzak hiru bilera egin ditu eta, guztien ekarpenak bilduta, Euskara Planaren zirriborroa osatu du udaleko Euskara Zerbitzuak. Hain zuzen ere, astearteko bileran zirriborroa aurkeztuko die prozesuan parte hartu duten eragileei, eta hari azken ekarpenak egiteko aukera izango dute, eta udaleko Euskara Batzordeari aurkeztuko dioten azken erredakzioa adostuko dute.
Udalak lantaldeetako kide guztiak zuzenean gonbidatu ditu bileran parte hartzera, baina bilera irekia da bertaratu nahi duten guztientzat. Gauzak ondo bidean, gogoeta prozesua asterteko bilerarekin bukatzea espero du udalak. Ondoren, Udaleko Euskara batzordeak aztertuko du Euskara Planaren zirriborroa eta udalbatzarrari igorriko dio, hark onartu dezan.