Inauteriak ospatzea erabaki du Orioko Udalak. Otsailerako eta martxorako iragarritako kultur egitarauaren barruan dagoeneko aurreikusten zuen aukera hori, otsailaren 26an inauteriak egitea alegia, baina ezer ziurra ez den garaiotan, baieztatzea falta zuen.
Eusko Jaurlaritzak joan den osteguneko Labiren bileraren ostean jakinarazi zuen astelehenean osasun larrialdia indargabetuko zuela, eta horrekin, indarrean ziren murriztaile gehientsuenak ere bertan behera geldituko zirela. Harrezkero asko izan dira inauteriak ospatzeko erabakia hartu duten udalak. Larunbatean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratutako aginduak, ordea, zalantzak sortu zituen, han zehaztu zuenez, 400etik gorako intzidentzia tasa duten herrietan jende pilaketak saihestu eta ekitaldiak modu seguruan antolatu beharko baitira, eta horiek hala egiten direla ziurtatzeko ardura udalarena izango da. Dena dela, aginduak agindu, festekin aurrera egitea erabaki dute inguruko herriek, baita inauterietan jendetza ibili ohi den herriek ere; esate baterako, Tolosak eta Azpeitiak.
Hori bai, Orioko Udalak pandemia aurreko urteetan baino egitarau murritzagoa prestatu du aurtengo inauterietarako. Bi jarduera besterik ez ditu antolatu hilaren 26rako:
- 12:30etik 14:30era, Burrunba elektrotxaranga ibiliko da herrian.
- 18:00etatik 19:00etara, Dantza Saltsa disko festa egingo dute Herriko Plazan.