Orioko Udalak ordenantza berri bat egin du bide publikoa terraza eta mahai tokiekin edo jarduera komertzialari lotutako bestelako elementuekin okupatu nahi dutenentzat. Lehen aldiz, euskarari lotutako baldintzak ere sartu ditu ordenantza horretan. Jabier Zabaleta (Orio, 1962) Orioko Udaleko euskara teknikariaren esanetan, ostalariek ondo hartu dituzte betekizunak, eta dagoeneko igarri dituzte aldaketa batzuk.
Nondik nora etorri da Orioko terrazen ordenantzan hizkuntzari lotutako betebeharrak sartzeko udal erabakia?
2016an, 2/2016 Legea onartu zen, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa, eta 2019an, lege hori garatzen duen 179/2019 Dekretua. Dekretu horrek handitu egin zuen udalek hizkuntza kontuetan zuten eskumena. Terrazen ordenantza ez da horregatik aldatu; bestela ere aldatzeko asmoa zeukan Orioko Udalak, lehen geneukana zaharra zelako, eta, plaza oinezkoentzako jarri denetik, herriko egoera asko aldatu delako. Orduan, ordenantza berria egitean, aukera genuenez, aprobetxatu egin dugu euskarari lotutako baldintza batzuk eskatzeko.
Zer betekizun dakartza ordenantza berriak euskarari dagokionez?
Ordenantzak dio euskaraz idatziko direla okupatutako eremuan jendearen eskueran eta bistan jartzen diren elementu guztiak: menuak, prezioen zerrendak, kartelak, eskaintzen oharrak, arbeletako oharrak… Euskaraz ez ezik, beste hizkuntza batzuetan ere idatzi ahal izango dira, baina, elementuak hizkuntza batean baino gehiagotan jartzen badira, euskarari lehentasuna eman beharko zaio: hurrenkeran, tamainan…
Turismoak pisu handia du ostalaritza sektorean. Horrek eragin du hizkuntza baldintzak sartzeko erabakia? Nola eragiten du turismoak herriko taberna eta jatetxeetako hizkuntza ohituretan?
Esan bezala, ordenantza aldatzeko premia ikusten zuen udalak, eta horregatik egin du berria, baina turismoaren kontuarekin ere badu lotura. Herri turistikoa da Orio, kanpotik jende asko etortzen da; batez ere, udan, asteburuetan eta zenbait garai jakinetan. Kalean jarri behar zuten hori erdaraz soilik jartzeko ohitura zuten taberna eta jatetxe batzuek: adibidez, Eguneko menua jarri beharrean, Menú del día. Hori arrazoitzeko, esaten zuten kanpotik jende asko etortzen dela, eta udalak egiten duen interpretazioa da kanpotik jende asko datorrela, baina jende horri gustatu egiten zaiola euskara aurkitzea kalean.
Zer jarrera izan ohi dute bisitariek euskararekiko?
Galdeketak-eta egiten direnean, hona etortzen den jendeak esaten du badakiela hemen hizkuntza berezi bat dagoela, eta horren bila ere badatozela. Euskara ere bada herri honen nortasunaren erakusgarri bat, eta ostalariei esan behar diegu erakutsi egin behar diegula hori kanpotik datozenei. Diskurtso horren barruan doa terrazetako ordenantza berria ere: euskara ez da ezkutatu behar turismoagatik; kontrakoa, erakutsi egin behar da.
Irakurri elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.