Noka ikastaroan izena emateko epea zabalik da berriro

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 9a, 10:00

Otsailaren 18tik martxoaren 25era, ostiralero, 17:30etik aurrera izango dira saioak, eta eskola teoriko eta praktikoak bereizi beharrean, parte-hartzaileen beharretara egokitutako saioak eskainiko dituzte. Informazio gehiago eskuratzeko, jo Orioko Ahalduntze Eskolara.

Nokaren ezagutza eta erabilera sustatzeko Ahalduntze Eskolak eta udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako ikastarorako deialdiak erantzun eskasa izan zuela ikusita, eskaintza moldatu eta bigarren deialdi bat egitea erabaki dute, saioen formatua aldatuta. Otsailaren 18tik martxoaren 25era, ostiralero, 17:30etik aurrera izango dira saioak, eta eskola teoriko eta praktikoak bereizi beharrean, parte-hartzaileen beharretara egokitutako saioak eskainiko dituzte. Izan ere, helburu nagusia herritarrei noka ezagutzeko eta erabiltzen hasteko oinarriak eskaintzea da, eta horretarako, praktika da modurik eraginkorrena.

Ostiraletan elkartuko dira kultur etxean, eta 17:30etik aurrera, ordutegi zehatzik gabe ariko dira. Horregatik, norberaren beharren arabera, taldearekin bat egiteko aukera izango da. Izen-ematea zabalik da oraindik ondorengo formularioan.

Informazio gehiago eskuratzeko, jo Orioko Ahalduntze Eskolara: 623 178 553 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp bidez, ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera idatzita, edo kultur etxeko 1. solairuan duten bulegora bertaratuta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide