Aritz Pardina: "Erosoa zaidan eremu batetik ateratzera behartu nau artikuluak"

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 9a, 11:00

Doktorego tesia egiteko bidean, Aritz Pardinak estreinako artikulua plazaratu du Estudios Nietzsche aldizkari akademikoan. Gustura agertu da argitalpena egiteko prozesuak ikerkuntza mailan eman dionarekin.

Filologia, filosofia eta Bildunga. Nietzscheren kulturaren kritika filologia klasikoaren ikuspuntutik artikulua plazaratu duzu. Aurrenekoa da, filosofia arloko aldizkari akademiko batean. Zer balio du zuretzat? 
Handia, Estudios Nietzsche aldizkariak Espainia mailan duen pisua kontuan izanez gero. Malagako Unibertsitateak ateratzen du. Ikerkuntza ikuspegitik ere gustura nago artikuluaren emaitzarekin.   

Nola suertatu zaizu plazaratzeko aukera?
Aldizkariak deialdiak egiten ditu urtero, eta gaiak aldatzen joaten dira. Nietzsche eta hezkuntza jorratu nahi zituzten aurten, eta nire doktorego tesiarekin lotura zuzenik ez izan arren (nire gaia linguistika baita, ez hezkuntza), proposamen bat egitea erabaki genuen tutoreak eta biok.

Non kokatzen duzu argitalpen hau tesia egiteko bidean?
Egia esan, betebehar bat gehiago ere bada. Hau da, tesia osatzen zoazen heinean, bidean egiten dituzun urratsen berri ematen joan behar duzu. Bi norabidetakoa da komunikazio lan hori: komunitate zientifikoari bideratuta dago, batetik, eta publiko orokorrari ere bai, bestetik. Normalean, konferentziak eta halako publikazioak izaten dira komunikazio horretarako bide erabiliena. Horiek guztiek balio izaten dute gero bekak eta halako laguntzak ere eskatzeko.

Intelektualki zer eman dizu artikulua egiteko prozesuak?
Nietzscheren oso ezagunak ez diren testu batzuk irakurtzeko aukera izan dut, eta nire tesiarekin lotura duten ondorio interesgarri batzuk ateratzekoa ere bai. Kontsulta eta dokumentazio lan baliotsua izan da niretzat artikulua idazteko egin behar izan dudana. Nola bait ere, niretzat erosoa den eremu batetik ateratzera behartu nau. Bestela begiratuko ez nituzkeen testu batzuk irakurri behar izan ditut. 

Azaldu argitalpenaren ideia nagusia.  
Nietzche oso gazterik hasi zen hezkuntzaren inguruan pentsatzen, eta hori bere lan filologikoetan ondo islatzen da. Hezkuntza oso zorrotza jaso zuen umetan, kontestua ere halakoxea zelako Weimarrretik (Alemania) gertu zuen bizitokian. Hain zuzen ere, klasizismo alemaniarra han sortu zen, eta mugimendu kultural eta literario horrek eragin handia izan zuen filosofoarengan. 

Beraz, batetik, hezkuntza oso akademikoa jaso zuen, zientifikoa. Bestetik, literaturatik zetorkiona, poetikoagoa. Gaztetan filologia ikasketak egin zituen, eta hasieratik kritikatu zuen filologiak zeukan kutsu zientifikoa. Horrek bultzatuta, literaturatik jasotako erreferentziak bere filologia egiteko moduan aplikatzen saiatu zen. 

Nire artikuluaren bidez hau frogatzen saiatu naiz:  Nietzchek modu pribatuan filologiari buruz egindako lanketa batzuek eragin sakona izan zutela ondoren ondoren kulturari egin zion kritikan. Zorrotzago esanda, garai hartako hezkuntzari egin zion kritika. 

Filologiatik abiatuta, garaiko hezkuntzak kutsu zientifiko handiegia zuela kritikatu zuen. Hau da, filologia zientziaren alde orekatutako gizartearen isla besterik ez zela, desoreka orokorrago baten adibidea. Aldarrikatu zuen eskoletan ikuspuntu humanistagoa izatearen beharra. Garai hartan literatutura eta musika alemaniarra bor-borka zeuden, eta Nietzscheren iritziz, hezkuntzak gehiago edan behar zuen iturri horietatik. 

Tesia ere Nietzcheren pentsamenduaren inguruan ari zara egiten. Zergatik aukeratu duzu bera? 
Oso erakargarria egin zitzaidan hasieratik. Literatura eta filosofiaren arteko muga oso fina da bere pentsamenduan eta obran. Unibertsitate garaian, estetika eta artearen teoria irakatsi zigun irakaslearekin egin nuen gradu amaierako lana, eta Nietzscheren itzultzailea ere bada. Hark sartu zidan arra. 

Epe laburrera begira, zertan ari zara lanean? 
Nietzshceren Aurora liburuari buruzko konferentzia bat prestatzen ari naiz. Emango dudan edo ez argitzeko dago oraindik, batzorde batek baloratu behar duelako, baina horrekin nabil. 

Bestalde, Pentsamendu Tailerra abiatu zenuen duela bi urte. Filosofia arloko gonbidatuak ekarri zenituen Etxeluze Gaztetxera, kontzientziazio dinamikak pizteko helburuarekin. Zertan da ekimena? 
Mila gauzetan sartuta nabil, eta ez dut astirik izan saio gehiago antolatzeko. Momentu honetan geldirik dago gaia, baina  litekeena da uda aldera berriro zerbait egiten hastea. Hemendik,  gonbita luzatu nahi nieke  egitasmoan kolaboratzeko interesa izan dezaketen herritarrei.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide