Zenbat kilo produktu bildu da aurten?
Urtero bezala, tona baten bueltan. Duela hiru aste herriko bi ikastetxeetan egin genuen bilketa, eta azken egunotan, herriko dendetan ere bai. Atzo, plazan egin genuen goiza, eta hurreratu zen jendea.
Urtez urte aldatu al da kanpainak herrian duen harrera?
Jenero aldetik, antzeko kopurua biltzen dugu urtero. Propaganda askorik ere ez dugu egiten, eta hala ere, produktu dezente biltzea lortzen dugu. Antolakuntzan jende gehiago ibili gara aurten, hori da berritasun nagusia. Taldetxo batek jardun dugu lanean.
Sahararen aldeko beste ekimenik egingo al duzue aurten?
Saharar Errepublikaren Eguna izango da otsailaren 27a, eta udaletxeko balkoian Saharako bandera jarriko dute ikurriñarekin batera, hango lagunei elkartasuna adierazteko.
Haima bat jarri zenuten atzo goizean plazan.
Bai, aspalditik genuen horretarako gogoa. Oriorako bereziki egin duten haima da. Saharan nola bizi diren erakutsi nahi genien herritarrei, eta bilketaren aitzakiarekin, herrian bizi diren zenbait sahararrek gurekin pasatu zuten goiza.
Zure kasuan, urteak daramatzazu sahararrei laguntzen.
Bai, batzuk badira dagoeneko. Saharako haurrak uda pasatzera etortzen hasi zirenean, bi hartu nituen etxean, eta gerora bost urtez egon zen bat nirekin. Ordutik lotura dut herrialdearekin eta hango jendearekin. Bidaia batzuk ere egindakoa naiz hara. Ez naiz aspaldian izan, baina gaur egungo komunikaziorako tresnei esker, maiz hitz egiten dut Saharako lagunekin.
Zer suposatzen du haientzat hemendik bidaltzen den jeneroak?
Datuek argi erakusten dutenez, elikadura urritasun handia dago Saharan, arazo handia dute janari faltarekin. Hemengo bultzada oso lagungarria da haientzat.