Zortzi traineru ariko dira Euskotren ligan 2023ko udako denboraldian

Juan Luis Romatet eta Aitziber Arzallus 2022ko ots. 2a, 10:30

Lau ontzitik zortzira igoko da emakumezkoen traineru ligako parte hartzea. TKE ligak hartutako erabakiaren arabera, Galiziako bi ontzi izango dira lehiakideen artean.

2023an bikoiztu egingo da emakumezkoen Euskotren ligako parte hartzaile kopurua. Azken urteotan lau traineru aritu dira lehen mailako estropadetan, eta 2023tik aurrera zortzi ontziko liga izango da. Hala aurreratu zuen Traineru Kluben Elkarteak (TKE) iaz, eta hala baieztatu du asteburuan izandako bilkuran.

Pasa den larunbatean egin zuen TKEk urteko lehen batzarra. Asanbladak bezala onartu zituen iaz gizonezkoen Eusko Label ligara igotzea lortu zuten Kaiku eta Getaria; iaz maila galdu zuten Tiranen eta Zarautzen tokian sartu dira horiek.

Horrez gain, bilkuran aztertu zituzten emakumezkoen Euskotren ligako parte hartzaileen kopurua igotzea eta play off sistema berria. TKEk 2021 urte amaieran iragarri zuen lautik zortzira igoko zela partaide kopurua 2023ko udako sasoian. Zortziko liga honako ontziek osatuko dute TKEren esanetan: 2022ko denboraldiko Euskotren ligako lehen hiru sailkatuek, Galiziako ligako lehen bi sailkatuek eta ETE ligako lehen biek. Zortzigarren ontzia play off bidez erabakiko dute, Euskotren ligako laugarren sailkatuaren eta Galiziako ligako eta ETE ligako hirugarren sailkatuen artean.

Orain arte, postu bakarra izan da jokoan Euskotren ligan. Iaz lau ontzik parte hartu zuten play off-ean: Euskotren ligan azkena izan zen Hondarribiak, ETE ligako lehen biek –Tolosaldeak eta Deustuk– eta Galiziako Cabok. Tolosaldeak lortu zuen Euskotren ligara igotzea, maila galdu zuen Hondarribiaren tokian.

Erabakia "presaka"

Orioko Arraunketa Elkarteko presidente Iosu Esnaolaren esanetan, parte hartzaile kopurua handitzea "ona da, aurrerapauso bat da" emakumeen arraunarentzako, baina, aldi berean, gauzak "presaka" egin direla iritzi dio. "Lehen esaten zen emakumeak motibatu behar zirela aurrena, eta zortziko liga bat osatu gero, baina nik uste azkenean alderantziz egin direla gauzak. Izan ere, ez dakit arrauna bere osasun punturik onenean dagoen", esan du Esnaolak.

Orioko klubeko presidentearen ustez, aurten sekula baino jende gehiagok utzi du arrauna, "bai mutiletan bai nesketan, eta ez dakigu zergatik. Orion arraunak duen indarragatik traineruak osatzeko arazorik ez dugu, eta guk nabaritu badugu, besteek ere antzemango zuten. Arraun eskola oso indartsua daukagu, baina 22-26 urteko jende askok utzi egiten du, eta aurten inoiz baino gehiagok. COVID-19agatik, sakrifizio handia eskatzen duen kirola delako… ez dakigu zergatik".

Euskotren ligako kide da Orioko trainerua. Iaz bigarren geratu ziren Oriokoak, Donostia Arraun Lagunakekin 39 puntura berdinduta; baina azken horiek altxatu zuten irabazlearen garaikurra. Esnaolak ez du garbi zortziko ligak zer eragin izan dezakeen beste klubetan: "Ez dakit beste klubak nola ibiliko diren taldeak osatzeko. Garbi dagoena da neskek are gehiago sakrifikatu beharko dutela, eta klubei ere gastuak handitu egingo dizkietela horrelako liga batek. Litekeena da honek neskak motibatzeko balio izatea ere; hori nahi nuke, baina baditut nire zalantzak. Jarriko dute martxan eta ikusiko dugu nola funtzionatzen duen, baina nik garbi dudana da irudi ona eman beharra daukagula. Denon artean txapelketa lehiakor eta ikusgarri bat osatu beharra daukagu. Bestela, zortzi trainerurekin itxura eskasa eman baino, hobe lau trainerurekin itxura ona eman".

Zumaian, gustura

Zumaiako Telmo Deun arraun elkartean gustura daude TKEk asteburuan hartutako erabakiarekin. "Guk beti jardun dugu liga hazi behar zela esaten; hiruzpalau urte joango gara hori esaten, eta ondo iruditzen zaigu hartutako erabakia, parte hartzaile kopurua lautik zortzira igotzea", dio elkarteko kide Luis Mari Goikoetxeak. Hala ere, Goikoetxearen esanetan, arauak oraindik ez dakizkite: "Pentsatu nahi dugu behin erabakia hartuta, gauzak ondo egin nahiko dituztela".

Goikoetxearen arabera, urteak daramatzate Zumaian aldaketa eskatzen, "baina TKE ligako lehendakariak traba ugari jarri ditu urte hauetan guztietan: mareen arteko diferentziak direla, Euskal Telebistak ez zuela parte hartzaile kopurua igotzea nahi… Azkenean, oztopo horiek guztiak atzera bota dituzte".

Zortziko liga sortzearekin ados badaude ere, ligak hori iragartzeko erabili dituen moduekin ez daude konforme Zumaiako klubean. "Iaz iragarri zuten, eta erabakia bigarren mailako klubekin adostu gabe hartu zuten. Ez genuen erabaki horren berri izan, prentsatik jakin genuen, eta hori ez da itxura. Forma aldetik hutsegitea izan zen".

Galiziako kluben partaidetzan egon daiteke arazoa, Goikoetxearen ustez. "Haiekin hitz egin gabe hartu zen erabakia. Tiraneko ordezkari bat izan da asteburuan Euskal Herrian, eta hark ere zaila ikusten zuen Galiziako bi ontziren partaidetza betetzea. Bi ontzi ezin badituzte bidali, hemengook bete beharko dugu lekua".

Telmo Deun bosgarren izan zen iaz ETE ligan, eta Euskotren ligara igotzeko hautagaietako bat izan daiteke. "Emakumeen arraunean aitzindariak izan gara Zumaian, eta pentsatzen dugu arraunerako ilusioa sortu behar dela, baita zaletuen artean ere. Euskotren liga handituta, maila horretako estropadak telebistan emango dituzte, eta hori ona izango da emakumezkoen arraunerako", dio Zumaiako arraun elkarteko ordezkariak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide