Pilota gero eta biziago, frontoian eta herrian

IƱigo Gaiton 2022ko ots. 1a, 09:00

Orioko Pilota Elkarteari hauspoa ematen hasi ziren 2017an, eta ordutik, pilotak indarra hartu du herrian. Ibon Aranalde (Orio, 1984) elkarteko presidenteak eman du azken urteotan egindako lanaren berri. 

Pilota hotsa indarra hartzen ari da herriko frontoian azken urteotan. Pixkanaka, gero eta jende gehiago ari da pilotaleku aldera hurreratzen palaz edo eskuz jokatzera. Urte makal batzuen ondoren, pilota berriro bizi-bizi dabil frontoian batetik bestera, eta susperraldi horren atzean Orioko Pilota Elkarteko zuzendaritzako kideen bultzada dago. 

Ibon Aranaldek eta Aritz Lertxundik 2017an hartu zuten elkartearen zuzendaritzaren ardura. Ordura arte, Aimar Galarragak jardun zuen zeregin horretan, eta uzteko asmoa agertutakoan beste biek hartu zuten erreleboa. "Frontoian 12 laguneko ume taldetxo bat ibiltzen zela ikusi genuen orduan, baina ez zuten pilota eskolarik ezta entrenatzeko aukerarik ere. Eskola sortzea erabaki genuen, hutsune hori bete eta haurrek trebatzen joateko aukera izan zezaten", azaldu du Aranalde presidenteak. 

Zazpitik hamalau urtera bitarteko pilotariak dabiltza eskolan orain, eta elkarteak jarritako monitoreen gidaritzapean egiten dituzte entrenamenduak. "Partidak jokatzeko lehen baino aukera gehiago ere badituzte. Lehen herri mailako pilota txapelketa bakarra izaten zen haurrentzat Orion, sanpedrotakoa. Orain, beste herrietako pilotarien aurkako partidak jokatzen dituzte, eta hori oso aberasgarria da adin horietan. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketetan ere parte hartzen dute", gehitu du presidenteak. 

Lehen, Orioko gaztetxoek kanpora joan behar izaten zuten pilotan entrenatzera. Aranalde zen horietako bat. Orain, hazten doazen heinean herriko frontoian entrenatzen jarraitzeko aukera dute, eta horri esker, ume hasiberriek erreferenteak dituzte herrian bertan. "Gurekin benjaminetan hasi ziren pilotariak infantiletan dabiltza orain, ari dira bidea egiten". 

Pilotari gazteen eboluzioan,  adin kritikoa izaten da alebinetatik infantiletarako jauzia, elkarrizketatuaren iritziz. "Koska dago. Pilota goxoarekin jokatzetik toke erdiko pilotara pasatzen dira, eta eskua babesten hasi behar izaten dute takoekin. Horrek egokitzapen prozesu bat eskatzen du, takoak jartzen denbora behar izaten delako, eta pilotek bote desberdina egiten dutelako. Orain zazpikote bat dugu maila horretan, eta iruditzen zait jauzia ondo egin dutela, ondo egokitu direla". 

Helduak ere bai 

Haur eta gaztetxoez gain, pilotalekura jotzen duen helduen kopurua ere igo da. Horiek federatu modura parte hartzen dute herrien arteko txapelketetan. "Aritz eta biok eskuz aritzen gara, eta beste bikote bat ere bai. Gainontzekoak, palaz. Iaz zazpi ziren pala jokalariak, eta aurten hamabi dira", eman du jakitera Aranaldek.

Pilotari kopuruari erreferentzia eginez, presidenteak zehaztu du gaur egun 60 lagunek osatzen dutela elkartea, benjaminetatik hasi eta seniorretarainoko pilotarekin. "Zifra egonkortzea lortu dugu. Hemen arraunak eta futbolak jende asko mugitzen dutela kontuan izanik, kontentu gaude elkarteak duen pilotari kopuruarekin". 

Asteburuko pilota partiden kartelera da elkartearen martxa onaren adierazgarri nagusia. "Lehen, asteburuetan partida bat edo bi anuntziatzen genituen gehienez. Orain, zazpi. Badago aldea". 

Frontoia bilgune 

Aranalde nostalgia puntuarekin mintzo da garai batean frontoian izaten zen giroaz. Herriko neska-mutilak han juntatzen ziren, hura zuten bilgune nagusietako bat «pilotan edo beste edozertan» jolasteko. "Gogoan dut ostiral arratsaldetan izaten zen giroa. Kuadrilla eta adin desberdinetako haurrak elkartzen ginen. Pilotan jokatzera bai, baina esango nuke, sozializatzera joaten ginela hara, beti egoten zelako lagun edo ezagunen bat han. Bestalde, eskola orduetan ere, errekreoan edo bazkalorduan, beti izaten zen pilotaren bat patrikaren batean, eta edozein tartetxo zen ona pilotan egiteko", ekarri du gogora. 

Giro hori galtzen joan zen urteekin, eta gaztetxoek beste ohitura batzuk hartu zituzten.  Orain, pilota eskolarekin, mugimendu berria ikusten du Aranaldek. "Eskolatik atera eta merienda janez frontoira hurreratzen dira haur batzuk, garai batean bezala, eta gure lanarentzat fruiturik handiena hori da. Pilota eskolan dabiltzan umeen lagunak ere hurreratzen dira hara, eta hori da guk nahi duguna, jendea biltzea, haurrek pilotalekurako ohitura hori izatea". 

Oraingoz, mutilak dira elkarteko kide gehienak, eta Aranaldek deia egin die emakumezkoei ere. "Ez dakit, agian ez dugu asmatu haiengana ondo iristen. Oraingoz, pilota eskolan bi neska dabiltza jo eta ke. Inguruko herrietan, Aian kasu, emakumeen artean bada pilotarako joera, eta etorkizun batean,  guk nahi genuke hemen ere hala izatea". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide