Euskaraz Gazte: herri literatura giltzarri

Aritz Pardina 2022ko urt. 30a, 09:00

2020ko lehiaketako sari banaketaren argazkia.

Orioko Udalak urtero antolatzen duen Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sariak banatu zituzten abenduan, eta gauza bitxia gertatu da azken edizioan: olerkietan, accesit bana lortu dute Josu Galdos eta Maxe Zinkunegi aita-alabek. Lehiaketa barrutik ezagutzeko, eurengana eta Jabier Zabaleta Euskara teknikariarengana jo dugu.

Karkararen zenbaki honek badu berezitasun bat: 2021eko Euskaraz Gazte literatur lehiaketan saritutako lanak biltzen dituela. Aurten ere Aiako eta Orioko sortzaileen uztaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, beraz. Ibilbide luzea du lehiaketak, 28. edizioa izan da bukatu berri dena, eta nabarmentzekoa aldizkari honek haren sorreran izan zuen inplikazioa. Izan ere, Karkara 1989an sortu zuten eta, handik bi urtera-edo, izen bereko literatur lehiaketa.

Garai hartan, euskara gazteen %30ek bakarrik erabiltzen zutela eta, Euskaraz Gazte deituriko kanpaina bat abiatu zuen udalak, eta haren baitan, Karkarak sortutako lehiaketa bere gain hartu eta gaurdaino eutsi dion deiturarekin bataiatu zuen. Hori bai, lehiaketako lan sarituen bilduma Aiako eta Orioko etxe guztietara iristen bada, bere hastapenetan Karkarak sortu zuelako da.

Herritarren gaitasun literarioaren erakusleiho bakarrenetakoa da Euskaraz Gazte, eta 1993tik, makina bat lan saritu dituzte. Azken edizioan, gainera, izan da ohiz kanpoko gertaera bat: Josu Galdos eta Maxe Zinkunegi aita-alabek olerkigintzan accesit bana irabazi dutela, hain zuzen. Hori aitzakia hartuta, eurengana jo du Karkarak, eta lehiaketaz beraz, idazteko zaletasunaz, sortzeko gaitasunaz eta euskaraz jardun dute, besteak beste.

Literatura sustraituz
Aitak eta alabak alor berdineko sari bana ateratzea berezia izan bide da; hala berretsi dute elkarrizketatuek ere: "Bai, oso pozik gaude, oso polita izan da". Galdosek ez du irabazten duen lehen saria, zatikatuta bada ere, zenbaitetan atera baitio etekina Euskaraz Gazteri. Eta hark azaldu duenez, alabak ere gertukoa zuen sari banaketa ekitaldia, "ni saritu ninduten urteren batean, berak biolina jo baitzuen". Oraingoan, ordea, beste era batera partekatu dute oholtza.

Biak ala biak goiz hasi ziren idazten. Galdosek baieztatu du berea prozesua naturala izan zela: "Hamasei urterekin-edo sentitu nuen barnean nuena ateratzeko beharra, eta horregatik hasi nintzen idazten. Ez dut utzi orain arte". Zinkunegik, berriz, etxean zuen eredua, eta horrek lagundu zion berezkoa zuena ateratzen: "Irakurtzea asko gustatzen zait, eta idazten ere txikitan hasi nintzen. Batak ekarri zuen bestea. Gainera, aita ikusten nuen idazten, eta horrek ere lagundu zidan".

Idazketa berezko duten bezalaxe, biek uste dute idatzitakoa argitaratzeak ematen diola zentzua jarduerari, eta bide horretatik, lehiaketa literarioen balioa nabarmendu dute, idazle gazteei bultzada emateko duten gaitasuna. Esaterako, Zinkunegik ez du aurtengo lehen saria; Zarauzko Salbatore Mitxelena lehiaketako E mailako bigarren saria atera du ipuingintzan. Bere ustez, horrelakoek "norbere buruarekiko konfiantza ematen dute, zentzu guztietan". Galdosen aburuz, "idazten duzuna beste norbaitengana iristeko aukera polita dira lehiaketa hauek", eta, hori, norbere maila edozein dela ere, garrantzitsua da.

Hain zuzen, elkarrizketatuek eurek ere profil ezberdinak dituzte: aitak idazle ibilbide luzeagoa duen bitartean, alaba lanak argitaratzen hasi berria da. Dikotomia horren baitan, baina, asko ikasten dute biek ala biek. Galdos: "Maxek harritu egiten nau. 'Nondik atera du hau?', galdetzen diot maiz neure buruari. Ikusten dut oso idazkera ezberdinak ditugula, baina baduela gaitasuna. Hortaz, noski beregandik ikasten dudala, asko, beste edozein autore irakurtzen ikasten dudan bezala".

Alabak ere bere ikasketa prozesuan aitak izan duen garrantzia jaso nahi izan du: "Bere idatziak irakurtzen ditudanean, agian txikitatik berekin nagoelako edo, oso nireak bezala sentitzen ditut. Sarritan barruan dudanari hitzak jarri dizkio, bera konturatu da nire barnean zegoenaz. Gauza berriak ikusarazten laguntzen dit".

Etorkizunean idazten jarraituko dutela argi dute biek, baita euskaraz idatziko dutela ere. Galdosi, esaterako, naturala zaio euskaraz egitea. Erdaraz aritzea ez du inoiz baztertu, baina ez du bere baitan planteatu: "Niretzat euskaraz idaztea errazena da. Euskarak erraztasunak ematen dizkit nahi dudana plazaratzeko". Zinkunegik, berriz, euskarazko hitzen "hiztegietatik kanpoko esanahia" azpimarratu du: "Iruditzen zait euskaraz aritzea izaera kontua ere badela".

Etorkizunean sari gehiago jasotzen ikusiko ditugun, denborak argituko du. Bitartean, zalantzarik ez, gustukoen zaiena egiten jarraituko dute aita-alabek. Eta Zinkunegik jende gazteari deialdia egiteko baliatu du aukera: "Lehen pentsatzen nuen nire burua egonkortu arte itxaron beharko nuela idazten nuena partekatzeko, baina hori ez da horrela. Norberak nahi duena bere ideiak bistaratzea bada, gehiegi pentsatu gabe pausoa ematea da onena, nahiz eta goizegi dela iruditu".

Ezbairik gabe, Euskaraz Gaztek aurrera jarraituko badu, jende gaztearen ekarpenak ezinbestekoak izango ditu, eta geroari begira, funtsezkoa izango da Aiako eta Orioko idazle gazteek Zinkunegik eskatutako pausoa ematea. Hala ere, horretaz inork hitz egin badezake, hori Jabier Zabaleta da, besteak beste, lehen ediziotik epaimahaiko kide dena. Euskaraz Gazteren nondik norakoak ulertzeko hainbat gako eman ditu, eta lehiaketaren egungo egoeraz eta etorkizunaz espero daitekeenaz jardun du.

"Altxorra da herrian sormena duen jendea izatea"
Jabier Zabaleta —Orioko Udaleko Euskara teknikaria—

28 urte hauetan, zer bilakaera izan du lehiaketak?
Etapak izan ditu. Izan ditu parte-hartze handiko etapak, eta baita baxuagokoak ere. Orain, berriz, egonkortuta dago.25-30 lan jaso ditugu azken urteotan, eta uste dut tamaina polita dela Aia eta Oriorentzat. Noski, gustatuko litzaiguke lan gehiago jasotzea, baina hori, oraingoz, ez da errealista. Nabarmentzekoa, bestalde, ez da lanen kantitatea soilik; jasotzen ditugun lanen kalitatean ere jarriko nuke azpimarra. Urtero lan batzuk ez argitaratzeko penaz gelditzen gara, baina aukeratzeak horixe dakar.

Gaurkotasuna da lehiaketaren irizpideetako bat. Nola moldatzen dira idazleak egungo auzietara?
Aktualitateak beti markatzen ditu idatziak. Pandemia garaian, esaterako, gaia irten egiten da. Beste gertakari batzuk ere, Xabier Lizasoren Do Re Ni ikerketa kasu, azaldu izan dira saritutako ipuin eta olerkietan. Herrian gertatzen diren gauzen isla ere badela esango nuke, herriko aktualitatearen kronika moduko bat. Izaten dira gaurkotasunetik erabat kanpokoak ere, eta hori ere zilegi da, noski. Oro har, edonorentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak azaltzen direla esango nuke.

Zein da lehiaketaren helburu nagusia?
Oroz gain, herritarren idazteko zaletasuna suspertzea. Beste udaletan egiten dira lehiaketa orokorrak, idazten duen edonork parte hartzeko modukoak, Zumaiako Julene Azpeitia lehiaketa, adibidez. Guk formatu herrikoiagoa bultzatu nahi izan dugu, ulertzen dugulako parte hartzea errazten duela. Azken batean, herrian sormena duen jendea izatea altxorra da, eta guk nahi duguna da herrian sortzaile jendea egotea, horrek asko aberasten baikaitu.

Gero eta literatura gutxiago irakurtzen dela esaten da. Horrek eragin dezake jasotzen dituzuen lanetan?
Nik ez dut pertzepzio hori. Egia da baliabide ugari dituztela egungo gazteek, eta irakurketaren kontua lausoagoa-edo bilakatu dela, nolabait esatearren. Jende askok esaten du literatura galtzen ari dela eta abar, baina nik ezin dezaket hori esan. Ikusten dut kalitatez gero eta lan hobeak jasotzen ditugula. Bestalde, nago egungo gazteak prestatuago daudela euskarari dagokionez: nik 25 urterekin gaizki idazten nuen, hizkuntza aldetik motz nenbilen, eta ondoren egin behar izan nuen bidea. Egungo gazteen abiapuntua askoz hobea da. Agian gure garaian liburuek gure eguneroko bizitzan pisu espezifiko handiagoa zutela, baina, beste aldetik, gaur egungo gazteen euskara maila hobea da. Nolabait, bataren falta bestearen garapenak orekatu du.

Euskara eta gazteak al dira lehiaketaren funtsa?
Zenbaitetan izan dugu izena aldatzearen ideia, baina 28 urtetan horrela ezagutu den lehiaketari izena aldatzea kosta egiten da. Neurri batean, ondo dago nondik datorren gogoraraztea. Eta, gainera, badu zera hori: euskara eta gazteak. Batetik, euskal sorkuntza nahi dugu bultzatu; bestetik, gazteei begira, dei funtzioa egiten duela uste dut.

Egongo da parte hartzaileen artean 'gaztea'-ren prototipoan sartzen ez denik ere, ezta?
Baina horrek ez du jendea atzera bota behar. Oinarrietan jartzen du 16 urtetik gorako edonorentzat dela. Hortaz, ez da bereziki gazteentzat egiten den zerbait, baina gazteen presentzia bilatzen dugu, bai.

Literaturak zer onura ekar dakioke euskararen erabilerari?
Euskarazko sorkuntza —kultur sorkuntza, oro har—, hizkuntza bat elikatzeko nahitaezkoa dela uste dut. Literatura hor barruan sartuta, erraza da lotura ikustea. Guk hizkuntza ez dugu aginduak emateko edo gauza konkretuetarako soilik erabiltzen. Hizkuntza da gauzekin eta munduarekin harremanetan jartzeko modua. Beraz, kulturarekin datozen erreferenteak, gure iruditeria, guzti hori hizkuntzaren bitartez sortzen da. Hori zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta aberatsagoa izango da gure mundua ere. Gu horrela osatzen gara.

Eta, nola eskala handian, hala herri mailan ere...
Bai, hori da. Herriko imajinarioak, irudiak, istorioak… guzti hori elikatzen du kultur lehiaketa honek; hazten ari gara eta hori bultzatzen. Lan hauek irakurtzeak, erreferentziak, hizkuntza erregistro berriak… gauza asko sortzen ditu.

Lehiaketari zer etorkizun ikusten diozu?
Ni oso gustura nago orain arte egindako lanarekin. Esango nuke, gainera, une gozo batean gaudela; egonkortuta gaude. Urtero jende berriak hartzen du parte eta, nahiz eta masiboa ez izan, pozik gaude horrekin. Beste aldetik, badaude ondo idazten duten eta ia urtero sariren bat ateratzen duten idazleak, eta horien presentzia ere mantendu nahiko genuke. Egia da bien arteko oreka zaila dela. Dena dela, gustatuko litzaidake jende gehiagok parte hartzea. Agian ez dute lehenengoan saririk irabaziko, baina hurrengoan, agian accesit bat irabaziko dute; bilakaera bat izaten da hor. Zentzu horretan, idazleentzat parte hartzea bera oso gustagarria dela nabarmenduko nuke; saria ateratzea, noski, zer esanik ere ez. Mezu horrekin amaituko nuke: jendea, animatu. Aurten irabazi duen 17 urteko Maxe Zinkunegi bezala, ziur nago Aian eta Orion gazte ugari daudela gaitasuna dutenak baina pausoa ematera ausartzen ez direnak, idatzitakoa kaxoian gordetzen dutenak. Horiek animatu nahiko nituzke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide