Aizpea Esnaola: "Nokaren alor praktikoari indar handiagoa eman nahi izan diogu aurtengo ikastaroan"

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 27a, 09:42

2020ko martxoan egindako noka ikastaroa.

Emakumeon Ahalduntze Eskolak noka ikastaro praktikoak antolatu ditu otsail eta martxorako. Bi multzotan egingo dituzte ikastaroak: batean, nokaren lehen oinarriak ikasi nahi dituzten parte hartzaileak bilduko dituzte. Bestan, mintzapraktikak egin nahi dituztenak. 

Aurreko edizioen arrakasta kontuan izanik, Noka ikastaroaren edizio berria antolatu du Emakumeon Ahalduntze Eskolak, udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. Otsail eta martxorako antolatu dituzte ikastaroak, eta oraingo honetan, bi multzotan banatuta egingo dira: bat, nokaren oinarriak ikasi nahi dituztenentzat antolatu dute, eta bestea, ahoz praktikatu nahi dutenentzat.

Hain zuzen ere, ahozko trebakuntza horri eman nahi diote indarra aurtengo edizioan, Aizpea Esnaola  Emakumeon Ahalduntze Eskolako arduradunak azaldu duenez: «Mintzapraktikak egitea garrantzitsua iruditzen zaigu, nokak lotura zuzena duelako ahozko kaleko erabilerarekin». Antolatzaileak nokaren erabileran trebeak diren hiztunei ere egin die ikastaroan izena emateko gonbidapena. «Oso aberasgarria litzateke parte hartzaileen artean noka naturaltasunez erabiltzen duten hiztunak ere egotea, transmisioa modu naturalagoan egin dadin». 

Gogoa eta beharra
2020an egin zuten ikastaroaren lehen edizioa, eta 2021ean bigarrena. Parte hartzea «oso ona» izen zen bietan, Esnaolaren hitzetan, eta orduan jendeak erakutsitako gogoak bultzatu ditu hirugarren edizioa antolatzera. «Beharrak ere bai, noski. Noka galtzen ari den forma da. Toka asko entzuten da herrian gizonezkoen artean, eta tamalez, emakumezko batzuek ere toka egiten diote elkarri. Noka, berriz, ikusten da 50 urtetik gorako emakumeen artean egiten dela batez ere, baina gazteek ez dutela ia erabiltzen», eman du jakitera ikastaroaren antolatzaileak.

Horregatik, gazteengana iristen saiatu nahi dute ikastaroaren bidez. «Jakin dugunez, zenbait herritako gazteak hasi dira elkarri noka modu kontzientean egiten. Nokaren bidez, harremanak beste toki batetik eraikitzen dituzte, konplizitate eta konfiantza handiagoarekin». 

Informazio praktikoa
Nokaz hitz egiten ikasteko lehen  pausoa eman nahi dutenentzat, eskola praktikoak emango dituzte Salatxo aretoan otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an, asteazkenetan, 17:30etik 19:30era. 

Mintzapraktikak, berriz, otsailaren 23an 17:30etik 19:30era, eta, martxoaren 2an, 9an eta 16an,  18:00etatik aurrera izango dira. Informazio gehiago ahalduntze eskolaren telefonora deituta edo mezua idatzita eskuratu daiteke: 623 178 553. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide