Orioko Udalak esku artean du Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako II. diagnostikoa, berdintasunaren ikuspegitik herriko egoera uneotan nolakoa den azaltzen duen 60 orrialdeko lan mardula. Hainbat atal ditu lanak: batetik, herritarren ezaugarri sozio-demografikoen inguruko datuak eta udalaren barne antolamenduari buruzkoak biltzen ditu, eta datuak soil-soilean emateaz gain, horien azterketa baloratiboa ere egiten du; bestetik, herritarrek berdintasunarekiko duten pertzepzioa zein den azaltzen du; eta azkenik, aurrera begirako proposamenak jasotzen ditu. Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskola izan zen diagnostikoa egiteko beharra ikusi zuena, eta Kalaka aholkularitza enpresa izan da gauzatu duena. Ekainean hasi eta oraintsu bukatu duten lanketaren emaitza atzo arratsaldean aurkeztu zieten herritarrei, Salatxo aretoan egin zuten ekitaldian. Aurkezpenean parte hartu zuten, besteak beste, Anuska Esnal Orioko alkateak, Eider Goiburu Ahalduntze Eskolako teknikariak eta Ilazki Gainza Kalaka aholkularitza enpresako kideak.
Gainzak azaldu zituen diagnostikoa egiteko lanketa prozesuaren nondik norakoak. Azaldu zuen ahalik eta parte hartze handieneko prozesua izaten saiatu direla, herritarren aldetik ahalik eta atxikipen handiena izan dezan. "Udalak Berdintasun Batzorde bat sortu zuen diagnosiaren motorra izan zedin, eta herritar, politikari eta teknikari, orotara, 121 lagunek parte hartu dute". Inkestak, bilera irekiak eta elkarrizketak egin dituzte diagnostikoa osatzeko.
Datu interesgarri batzuk
Diagnostikoak datu asko biltzen ditu; datu interesgarriak, gainera. Biztanleriari dagokionean, erabat orekatua da banaketa: Orioko herritarren %49,50 emakumeak dira —3.041 lagun—, eta %50,50, gizonak —3.091 lagun—. Aldiz, berdintasunean bizi ote diren galdetutakoan hasten dira desorekak: ezetz erantzun dute emakumeen % 72k eta gizonen % 57k. Genero ez bitarreko herritar batek ere parte hartu du prozesuan, eta hark ere ez du uste herrian berdintasunean bizi daitekeenik.
Egunerokoan normaltzat jotzen diren egoera matxistak identifikatzeko gai ote diren galdetutakoan, emakumeen % 5ek erantzun dute ezetz; kontrara, gizonen % 17k aitortu dute ez direla gai egoera horiek detektatzeko. Sexu arrazoiengatik inoiz baztertu izan dituzten galdetuta, berriz, baietz erantzun dute emakumeen %51k eta gizonen %13k.
Egoerak eta jarrerak
Diskriminazio horren erakusle diren hainbat egoeraren berri eman dute prozesuan parte hartu duten emakumeek, eta horiek ere jasotzen ditu diagnostikoak. Nabarmendu dutenez, lan eremuan gizonen hitzari balio handiagoa ematen zaio emakumearenari baino; gizonak eta emakumeak dauden lantaldeetan, gizonek gizonengana jotzen dute; amatasun baimenaren ostean, ez dituzte lan aukera berberak izaten; lan elkarrizketetan amatasunari eta bikotekideari lotutako galdera desegokiak egin izan dizkiete eta abar. Lagunartean, gizonek gutxietsi egin dituztela sentitu dute; kalean jazarpen sexistak jasatea tokatu zaie; emakume izateagatik eremu batzuetatik baztertu eta beste batzuetara bideratuak izan dira; gizonek dituzten askatasun eta eskubide berberak aldarrikatzeko beharra sentitu dute, modu naturalean eskaintzen ez zaizkielako eta abar. Aisialdian eta kirolean, gizonek baino gehiago erakutsi beharra izan dutela diote emakumeek; objektu sexual gisa begiratu izan dietela, bortxaketa saiakerak jasan dituztela eta abar. Prozesuan parte hartu duten zenbait gizonek, berriz, emakumeei zuzendutako tailer, festa zein elkarrizketetan parte hartzeko aukera ukatu izan zaiela adierazi dute.
Herrian errotuta dauden hainbat jokaera matxista ere deskribatu dituzte ikerketan parte hartu duten herritarrek, eta horiek zerrendatuta jasotzen ditu txostenak. Besteak beste, taberna batzuk erabat maskulinizatuta daudela, eta kafetegiak, oro har, feminizatuta; erreferente maskulinoak normalizatuago daudela; emakumeak sexu objektu moduan ikusteko eta balioesteko joera dagoela; gizonek espazio publikoaren erabilera handiagoa egiten dutela; mezu matxistak dituzten musika taldeak herrian errotuta daudela; eta gizon askok berdintasunaren gaia ezerezten dutela.
Hurrengo lana, plana
Goibururen esanetan, «berdintasun politikak martxan jarri ahal izateko, beharrezkoa genuen herriko errealitatea ezagutzea». Orain, herriko egoeraren argazkia eskuetan izanda, Berdintasunerako II.Udal Plana egitea izango da hurrengo lana. Hain zuzen ere, diagnostikoa "hezurdura" dela adierazi zuen Gainzak, eta horren gainean eraiki beharko dela hemendik aurrera egin beharrekoak jasoko dituen plana. Udalaren asmoa da datorren urtean idaztea plana. Alkatearen esanetan, 2022ko aurrekontuetan horretarako diru sail bat gorde nahi dute.
Plan horrek datozen lau urteetan gauzatu beharreko ekintzak jasoko ditu, eta lau urteren ostean, han zehaztutako helburuak eta ekintzak gauzatu ondorenean, herriko diagnostikoa berritu egin beharko dute gauzak aldatu diren eta nola aldatu diren ikusteko. Gainzaren arabera, "berdintasunerako bidea prozesu gisa ulertu behar da, non, mugarriak jartzen joan behar den lau urtez behin".
Diagnostiko hau etorkizuneko erronkentzat abiapuntu izango dela nabarmendu zuen Esnalek. "Herrian egin izan dira inora iritsi ez diren diagnostikoak, baina oraingo hau, 2019koa bezala, herritik sortutakoa izan da, eta gauzak herritik, beharretik, sortzen direnean fruitu hobeak ematen dituzte". Esaterako, 2019ko diagnostikoaren ostean sortu zuten Ahalduntze Eskola.